Iruñeko Udalak azaroaren 1ean jarriko du martxan neguko hotzaldirako kanpaina, eta martxoaren 31ra arte iraungo du. Bost hilabete horietan, protokoloa aktibatuko dute sentsazio termikoa hiru gradutik jaisten denean edo eguraldi txarra dagoenean, eta etxegabeentzako 165 leku prestatuko dituzte. Iaz baino 30 etxegabe gehiago hartu ahal izango dituzte, horrela, udal azpiegituretan.
Orain arte, gauez bakarrik artatu izan dituzte etxegabeak. Aurtengo neguan, berriz, egunez ere eskainiko diete arreta, harrera baliabidetik irtetean sentsazio termikoa hiru gradukoa bada edota egunez sentsazio termiko maximoa zortzi gradutik gorakoa ez bada. Iruñean urtebete baino gehiago erroldatuta daramatenei eskainiko diete arreta, baita leku batetik bestera ibiltzen diren etxegabeei ere.
Gizarte Ekintza arloko zinegotzi Txema Mauleonek eta Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Ruben Unanuak aurkeztu dituzte hotzaldirako kanpainaren berritasunak, gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Izan ere, iragarria zuten hotz boladaren aurkako neurrietan ari zirela lanean, «iazkoa baino eskaintza handiagoa» egin ahal izateko. Azaldu dutenez, saihestu nahi dute etxegabeak «ordu asko kalean egotea» eguraldi «oso txarra» egiten duen egunetan.
Aurreko urteetako hotzaldirako kanpainekin alderatuta, beste berritasun bat izango du aurtengoak: etxegabeen egoera «arintzeko», «talde profesionalek» hartuko dute parte arretan. Orain arte, herritarrei ez diete «ia jarraipenik egin», eta hori aldatu nahi dute, urtebete erroldatuta daramatenei «irtenbide bat ematen saiatzeko».
Toki egonkorrak
Hainbat azpiegituratan hartuko dituzte etxegabeak. Etxerik gabekoentzako arreta zentroak 58 leku izango ditu, eta Jesus eta Maria aterpetxeak, berriz, 28. Etxe Bat programak beste 30 leku kudeatuko ditu, eta ostatuetan hamalau toki egongo dira. Horrez gain, 35 leku eskainiko dizkiete familiei, ostatuetan zein udal etxebizitzetan. Mauleonek eta Unanuak jakinarazi dute toki batzuk urte osoan mantenduko dituztela: etxerik gabekoentzako arreta zentroan 52 pertsona hartuko dituzte, eta Etxe Bat programan, 30. Bestalde, familiei 35 leku eskainiko dizkiete. Guztira, 117 leku: «Etxegabeei zuzendutako baliabideen egungo kopurua bikoiztuko dugu».
Arta jaso ahal izateko, urtebeteko errolda izateaz gain, beste baldintza batzuk bete beharko dituzte herritarrek: 18 urte edo gehiago izan beharko dituzte, eta ezin izango dute diru sarrera egonkorrik izan, ezta beste bizitoki aukerarik ere. Hirian urtebete ez daramaten eta leku batetik bestera ibiltzen diren etxegabeei ere arreta eskainiko diete.
Arreta hori, baina, Mugimenduan Dauden Pertsonentzako Programaren bidez eskaini beharko zaie. Horrez gain, erroldatutakoentzako lekuak libre geratzen direnean, erabili ahalko dituzte. Udal ordenantzaren arabera, etxerik gabekoentzako arreta zentroan urtean sei egun egon ahal izango dira, txanda diferenteetan. Ondoren, autobus txartel bat eskainiko diete.
Etxegabeen egoerak «okerrera» egin duela adierazi dute Mauleonek eta Unanuak, eta horrekin «kezkatuta» daudela. Besteak beste, familien egoera aipatu dute; oraintxe, familientzako leku guztiak beteta daude Iruñean. Hortaz, lekuren bat libre geratu arte ezingo dituzte familia gehiago hartu.