Iruñeko Udalak aurtengo aurrekontuak hitzartu ditu PSNrekin

Sozialistek ia lau milioi euroren zuzenketak gehitu dizkiete udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuei, eta diru gehiena auzoetako planetara bideratuko dute.

Otsailaren 16an aurrekontuei buruzko lehen bilera izan zuten EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. JESUS GARZARON / IRUÑEKO UDALA
Otsailaren 16an aurrekontuei buruzko lehen bilera izan zuten EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. JESUS GARZARON / IRUÑEKO UDALA
joxerra senar
2024ko martxoaren 1a
16:50
Entzun

Aginte makila hartu berritan, Joseba Asiron Iruñeko alkateak aurreratu zuen aurrekontuak onartzea izango zela bere lehentasuna. Noticias de Navarra egunkariak aurreratu du udal gobernuko hiru alderdiek eta PSNk akordioa lortu dutela. Negoziazioan azken zertzeladak falta dira, eta alderdiek eurek oraindik ez dute akordioaren berri eman.

Enrique Maiak aurreko bi urteetan aurrekontuak luzatuz aurrera egin eta gero, udal gobernu berriak gehiengo nahikoa du kontuak aurrera ateratzeko.

Otsailaren 16an, lehen bilera egin zuten udal gobernu berria babestu duten lau alderdietako ordezkariek. Negoziazioek bi aste inguru iraun dute. Sozialistek hainbat zuzenketa txertatu dituzte, eta ia lau milioi euro gehiagoko ekarpenak egin dituzte. Diru sail gehienak auzoetako plana finantzeko izango dira.

Gainera, akordioan jasota daude beste hainbat proiektu, hala nola tokiko merkataritza sustatzeko neurriak, Buztintxuri auzoan liburutegi bat ezartzea, Pio XII.aren etorbideko korridorea eta Erorien Monumentuaren inguruko proiektua. Alderdiek konpromisoa dute kontsentsua behar dela eraikinarekin zer egin erabakitzeko, eta herritarren partaidetza funtsezkoa izango dela.

Iruñeko Udalak otsailaren 16an ezagutarazi zuen aurten 262,5 milioi euro izango dituela. Inbertsiorako, 25 milioi euro izango ditu, baina maiatzetik aurrera beste hogei milioi euro izatea espero du, udalaren lur sail batzuk salduz lortuko den diruari eta iazko soberakinei esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.