Iruñeko Udalak 262,5 milioi euroko aurrekontua proposatu du

2021ean aurreko udal gobernuak onartutako azken aurrekontuarekin alderatuta, %11 igo da.

(ID_17080787945235) Iruñea - aurrekontuak
Txema Mauleon, Mikel Armendariz, Koldo Martinez, Garbiñe Bueno, Joseba Asiron, Joxe Abaurrea, Marina Curiel eta Xabier Sagardoi. IRUÑEKO UDALA
joxerra senar
2024ko otsailaren 16a
12:45
Entzun

Iruñeko udal gobernua aldatu zenetik, aurrekontuen onarpena zen lehentasunetako bat. Gaur, bilera izan dute udal gobernuko hiru taldeetako ordezkariek eta PSNk, eta aurtengo aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu dute bertan. 262,5 milioi eurokoa izango da. «Asmo handikoa eta orekatua» da, udalaren arabera.

Gastuak eta inbertsioak egiteko esfortzua ere nabarmen handituko du. Aurreko agintaldian, Enrique Maia alkate ohiak ez zuen gehiengorik, eta 2021eko aurrekontuak lortu zuen aurrera ateratzea. Ordukoekin alderatuta, %11 handitu da urte honetarako gastuen eta diru sarreren aurreikuspena. Iaz, luzatutako aurrekontuekin funtzionatu zuen udalak, eta, harekin alderatuta, %24 handitu da.

25 milioi euro inbertitzea aurreikusi dute. Dena den, maiatzean espero da beste hogei milioi euro izatea, zoruen salmentako etekinei eta iazko kontuen soberakinei esker. Hala, 45 milioi euroko inbertsioa espero du udalak.

Proposamena aztertzeko lehen bilera izan dute udal gobernua osatzen duten hiru alderdiek (EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) eta PSNk. Bertan izan dira Joseba Asiron alkatea, Garbiñe Bueno, Joxe Abaurrea, Koldo Martinez, Mikel Armendariz, Txema Mauleon, Marina Curiel eta Xabier Sagardoi. Taldeok babestu zuten zentsura mozioa.

Asironen arabera, bilkuran «adostasunezko aurrekontuak lortzeko lehen oinarriak jarri dira». Aurreikusitako proiektuen artean bi egitasmo nabarmendu ditu: Sarasate pasealekua berritzeko obra eta etxebizitza plana.

Hilabete inguru geratzen da aurreproiektuak onartzeko. Udal gobernuak bilerak eskatuko ditu oposizioko beste bi alderdiekin, UPNrekin eta PPrekin. Lehen zirriborroa otsailaren 26an aurkeztuko da, udaleko esku hartzeetarako sailak azter dezan, eta espero da martxoaren 11n onartzea aurrekontu proiektua. Behin haren edukia ezagutarazita, martxoaren 12tik 26ra bitartean aztertuko da batzordeetan. Azkenik, martxoaren 27ko osoko bilkuran eztabaidatuko eta bozkatuko da haren edukia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.