Iruñeko Udalak 2024ko Korrikari emandako diru laguntza legezkoa dela berretsi du epaitegiak

2024ko azaroan, Pompaelo elkarteak jarritako errekurtsoaren alde egin zuen Nafarroako Administrazio Epaitegiak. Iruñeko Udalak helegitea jarri zuen, eta Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiak ebatzi du diru laguntza legezkoa dela.

Joseba Asiron Korrikako lekukoa hartuta, iazko martxoan, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
Joseba Asiron Korrikako lekukoa hartuta, iazko martxoan, Iruñean. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
kristina martin
2025eko martxoaren 11
12:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Administrazioarekiko Auzien Iruñeko 3. Epaitegiak ebatzi du legezkoa dela Iruñeko Udalak 2024ko Korrikari emandako 6.000 euroko diru laguntza. Baliorik gabe geratzen da, beraz, 2024ko azaroan Nafarroako administrazio epaitegiak emandako epaia. Hark arrazoia ematen zion Pompaelo elkarteari. Elkarteak auzitara eraman zuen udala, Korrikan «terrorismoa goratzen» dela argudiatuta.

EH Bilduko Joseba Asiron buru duen Iruñeko udal gobernuak erabaki zuen, Euskal Herriko beste udal askotan egiten den moduan, Korrikaren kilometro bat erostea. Horren truke, 6.000 euro eman zizkien euskararen aldeko herri ekinaldi horren antolatzaileei.

Iruñeko Pompaelo elkarteak helegitea jarri zuen diru laguntza haren aurka. Argudiatu zuenez, euskararen aldeko egitasmo hori «ezaguna da terrorismoarengatik zigortutako pertsonen aldeko kartelak zabaltzeagatik». Elkartearen hitzetan, «Iruñeko Udalaren araudiak debekatu egiten du terrorismoa goratzen duten ekintzak finantzatzea». Horretaz gain, elkarteak esan zuen Korrikaren aldeko laguntza horrek ez zituela betetzen babesletza kontratuaren ezaugarriak. Horretan oinarrituta, errekurtsoa jarri zuen Nafarroako Administrazio Epaitegian. Epaitegi hark Pompaeloren aldeko epaia eman zuen 2024ko azaroan.

Iruñeko Udalak helegitea jarri zion epai hari, eta Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiak ebatzi du prozedura legezkoa izan zela. Ebazpenean azaltzen duenez, «babesletza kontratu batean ez da beharrezkoa egiaztatzea emandako dirua adina balio duten zerbitzuak jasotzea». Hortaz, baliorik gabe utzi du Nafarroako Administrazio Epaitegiaren epaia, Pompaelori arrazoia eman zionekoa.

Justiziaren bidea bukatuta, elkarteak adierazi du epaia errespetatzen duela, baina ez dagoela inondik inora ados. Are gehiago, auziaren ezaugarriak ikusita, epaia beren aldekoa izan zitekeela uste dute, eta, beraz, ez dute baztertzen berriro helegitea jartzea «halako beste kontratazio eztabaidagarri bat eginez gero».

Ohar bidez, EH Bilduren udal taldeak bere poza agertu du eta UPNren zein PPren jarrera gaitzetsi ditu: «Eraso politikoak egiteko erabili nahi izan dute auzia, eta bi zinegotziren dimisioa eskatzera iritsi ziren. Orain euren akusazioetan atzera egin beharko dute eta udalak Korrikan izan zuen parte hartzea zuzenbidearen araberakoa izan zela onartu beharko dute».

Gaia politikoki erabili nahi izatea aurpegiratu die. «Errealitateak haien kontakizuna bertan behera utzi du». EH Bilduk uste du epaiak euskararen aldeko ekinaldien zilegitasuna berresten duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.