Joan den astean zabaldu zituen irudiak Ser irratiak: usoak, urdinez eta gorriz margotuta, Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan. Antza denez, halako hainbat agertu dira hirian azken egunetan, ohi bezala zebiltzan gainerako usoen artean.
"Nik neuk ez ditut ikusi...", esan du Joxe Abaurrea (EH Bildu) Hiri Ekologia eta Etxebizitza zinegotziak Ser irratian gaur, gaiaz galdetu diotenean. Dena den, argitu du udalak ez duela zer ikusirik. "Saiatzen ari gara pistaren bat bilatzen, zer gertatzen ari den ikusteko", azaldu du Abaurreak. "Badakigu beste hiri batzuetan badagoela mitologia hori, nolabait esateagatik, usoak margotzea gustatzen zaion jendea...". Ez dakite, ordea, Iruñekoekin zer gertatu den zehazki.