Iruñeko Udal Gobernuak euskara sustatzeko plan bat garatu nahi du urtea bukatu baino lehen

Aitziber Campionek azaldu du udal gobernua zenbait konpromiso hartzeko prest dela; besteak beste, euskara ikasteko baliabideak eta «euskararen aldeko harrotasuna» sustatzeko neurriak ezartzeko.

Euskararen aldeko mobilizazio bat, Iruñean, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Euskararen aldeko mobilizazio bat, Iruñean, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko urtarrilaren 20a
13:30
Entzun

Iruñeko Udal Gobernuak lehen zirriborro bat aurkeztu du euskarak hiriko bizitza publikoan duen presentzia areagotzeko helburuz. Aitziber Campion Euskarako eta Herritarren Parte Hartzerako zinegotziak azaldu du udalak zenbait konpromiso hartuko lituzkeela bere gain, «euskara babestu eta sustatuko duten politika publikoak ezartzeko». Udal gobernuaren xedea da urtea amaitzerako prest izatea herritar guztiek «euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera berak izateko» plana.

Planak aurreikusten dituen konpromisoak xehatu ditu Campionek. Haren esanetan, Iruñeko Udalak euskara ikasteko baliabideak eta informazioa jarriko ditu herritarren eskura, eta «euskararen aldeko harrotasuna eta estimua» sustatzeko kanpainak garatuko ditu. Horretarako, asmoa da plan bat ondu eta beharrezko aurrekontu sail bat ezartzea hori aurrera eraman ahal izateko. Euskara zinegotziaren hitzetan, prozesuak aurrera egiteko Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta egingo lukete lan, horrek «baliabideak optimizatzeko» modua emango duelakoan.

Martxan jarri nahi dituzten tresnen artean dago Euskararen Udal Batzordea. Hura organo aholku-emaile bat izango bide da, eta udal taldeetako ordezkariek, teknikariek eta euskararen ezagutzaren eta erabileraren alde lan egiten duten elkarteek osatuko dute. Haren helburuen artean dago planaren bilakaera aztertzea, eta hartutako neurrien inguruko ebaluazioa egitea. Era berean, dokumentuan zehazten da udal gobernuak neurriak hartuko dituela iruindarrek udaletxean arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko.

Zirriborroa aurkeztuta, Iruñeko Udal Gobernuak hura aurrera ateratzeko akordio politiko bat erdiestea du asmo. Hala, alderdiek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute bihartik aurrera. «Euskara eta haren normalizazioa udal taldeen akordiotik abiatu behar dira», esan du Campionek.

Testuaren arabera, euskara hizkuntza minorizatua da, «marjinazio prozesu» bat pairatu duena eta «egoera babesgabean» dena. Hala, zehazten da Iruñeko Udalak, erakunde publiko bat den heinean, ardura duela egoera hori irauli eta euskara sustatzeko. Argudio gisa, adierazi dute euskara gizarte kohesiorako tresna dela eta, ondorioz, euskara ikastea, eskubide bat izateaz gainera, «aukera berdintasuna» eskuratzeko tresna bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.