Iruñeko udal gobernuak 2025erako aurrekontu proposamena aurkeztu du PSNrekin. Gobernua EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin-ek osatzen dute. Haiek ondu dute proposamena, eta lau milioi gorde dituzte PSNk proposatutako zuzenketak eransteko.
Guztira 287,6 milioi eurokoa da, 2024koa baino %7,7 handiagoa. Esan dutenez, %40 gastu sozialerako erabiliko da, eta %25 hirian hobekuntzak egiteko.
Ondo bidean, azaroaren 28ko udaleko osoko bilkuran onartuko dute.
Aurrekontu horiek zentsura mozioaren osteko lehenak dira. UPNko Cristina Ibarrola alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztu zuten EH Bilduk, Geroa Baik, Zurekin-ek eta PSNk, iazko abenduan. EH Bilduko Joseba Asiron proposatu zuten alkatetarako, eta geroztik hark du aginte makila.
Gaur, lau alderdietako ordezkariek aurkeztu dute 2025erako aurrekontu akordioa, Iruñean. Sarasate pasealekurako lanak eta etxebizitza publikoaren sustapenarekin lotutakoak jaso dituzte aurrekontuan. Mugikortasunari lotutakoak ere bai, bizikletentzako bide gehiago eraikitzea proposatzen baitute.