Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak jada mahai gainean dute Iruñeko Udal gobernua osatzeko programa eta egitura. 16:00etan Geroa Bairekin bildu da EH Bildu, eta ordubete beranduago, Zurekin Nafarroarekin. Hiru aldeek nabarmendu dute «giro onean» egin direla lehen bilerak. Bi bilkuretan, irribarretsu agertu dira protagonistak. Amaitutakoan, Geroa Baiko Koldo Martinezek ziurtatu du erantzun bat emango diotela astelehenerako proposamenari: «Erabaki honek presa du. Azken finean, zentsura mozioa abenduaren 28an bozkatuko dugu, eta horren gainean eraikiko da gobernu berria».
Bi aste baino gutxiago geratzen zaie. Asteazkenean zentsura mozioa erregistratu ondotik, PSNk argi utzi du ez dela sartuko udal gobernuan, baina Ibarrola kanporatzeko mozioa onartu duten beste bi taldeak prest agertu dira. Hala, Asiron baikor azaldu da lehen bileraren ostean: «Argi dago, hilabete hauetan guztietan elkarrekin egin dugun lana kontuan hartuta, gobernuan sartzeko borondatea adierazi duten hiru taldeen abiapuntuak oso hurbilak direla, eta horrek baikor sentiarazten nau Iruñerako plan positiboaren proposamena lortzeari dagokionez».
«Argi dago hiru taldeen abiapuntuak oso hurbilak direla, eta horrek baikor sentiarazten nau».
JOSEBA ASIRON. EH Bilduko hautetsia
Ohartarazpen bakarra egin die Asironek. Negoziatu beharreko gobernu programak bat etorri behar du PSNrekin hitzartutako konpromisoekin. Ondorioz, EH Bilduk aurkeztutako oinarriek hori hartu dute aintzat. Lau ardatz ditu: lehenik, bizikidetza, berdintasuna, aniztasuna eta zaintza; bigarrenik, etxebizitza sozialetarako, kultura ekipamenduetarako eta kalitatezko espazio publikorako proposamenak; hirugarrenik, trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta hiriaren birnaturalizazioa; eta, azkenik, auzoetako planak —bertan sartu dute Erripagaña: Uharte, Burlata eta Eguesibarrekin partekatutako eremuan den eta zerbitzu falta jasaten duen auzoa—.
Geroa Bai, baikor
Koldo Martinez eta Mikel Armendariz Geroa Baiko hautetsiak baikor azaldu dira, euren bilera amaituta: «EH Bilduri eskertu egin diogu sei hilabete hauetan egin duen lana, zeren eskertzekoa da», aipatu du Martinezek. Dena den, kexu bat helarazi diete, maiatzean eta ekainean EH Bilduren inguruko pertsonen «zentzugabeko irainak» entzun behar izan zituztelako. Negoziazioei dagokienez, azpimarratu du Geroa Bai «guztiz beharrezkoa» dela udal gobernu egonkor bat izateko: «Gure botoek gehiengo osoa bermatzen dute».
Martinezen arabera, EH Bilduk mahaigaineratutako programak 50 neurri ditu, eta antolamenduari buruzko lehen eskaintza bat egin diete: «Aztertu beharra dugu egitarau hori onargarria den edo ñabarduraren bat egin behar dugun, eta gobernu taldeari dagokionez, gauza bera. Bueltaren bat emango diogu». Erantzunaren zain, Geroa Baik bere ikuspegia helarazi die: «Gure helburua da Iruñea aldatzea, luzarorako ikuspegi komunarekin, eta ez dugu inolaz ere nahi Iruñea Pamplonaren aurka jartzea, edo alderantziz».
Asteazkenetik eskuinak eta batik bat UPNk izandako erantzunaren aurrean kezka azaldu du Geroa Baik, eta jarrera «basatiegia» duela uste du. «Guztiz ulertezina eta onartezina da. Inork ez luke esperoko Nafarroako Gobernuan egon den alderdi batek horrelako jarrera izatea. Bitxia da, Iruñeko biztanleek demokratikoki onartu baitute gertatuko dena».
Zurekin Nafarroako koalizioko hautetsi Txema Mauleon pozik azaldu da bileraren ostean. Euren lehentasunak azaldu dizkiete EH Bilduko ordezkariei: besteak beste, Nafarroako Gobernuaren eskutik —koalizioak kudeatzen du Etxebizitza Departamentua— gazteak eta langileak lehenetsiko dituen alokairu publikoko plan bat sustatzea, eta prezioen garestitzea mugatzea; hamar urterako inbertsio plan bati ekitea, auzo guztietan haur eskolak, kiroldegiak, gazteentzako eremuak eta eguneko zentroak izatea bermatzeko; bidegorriak zabaltzea eta garraio publikoa hobetzea; eta elkarbizitza plan bat egitea.
Mauleonek espero du eguneroko jardunean alderdiak elkarrekin ados jartzen saiatuko direla. «Akordioak lantzea giltzarria da aldaketa iraunkorra izan dadin».