Duela bi aste sute bat piztu zen Iruñeko Planetarioan, eta kalte material handiak eragin zituen. Hain justu, erabat txikitu zituen kupula eta Tornamira aretoa. Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak gaur esan duenez, eraikinaren bi espazio horiek berreskuratuko dituzte, eta aukera baliatuko dute Planetarioaren jarduera «biziberritzeko».
Esnaola Planetarioan izan zen atzo, NICDO enpresako Ramon Urdiain zuzendari kudeatzailearekin eta Paula Noya Kultura Azpiegituren zuzendariarekin batera. Izan ere, enpresa publiko horrek kudeatzen du Planetarioa. 1993an jarri zuten martxan proiektua.
Ikusi gehiago
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, kontseilariak esan du gutxi barru aterako dutela lizitaziora aholkularitza zerbitzua, proiektua landu dezan. Helburua Planetario osoaren berrikuntza sustatzea izango da. Haren jarduerak «berritasuna, transbertsalitatea eta jakintzen hibridazioa» izango ditu ardatz. Kupula eta areto nagusia berritzeko egingo dituzten obrak erabiliko dituzte eraikinean beste esku hartze batzuk egiteko, eraginkortasun energetikoa hobetzeko asmoz.
Esnaolak jakinarazi duenez, Planetarioa berritzeko prozesua martxan zen sutea gertatu aurretik, baina ezbehar horrek prozesua bizkortu egin du. Hain zuzen, duela hilabete batzuk hasi zen NICDO enpresa hausnarketa lan bat egiten, proiektu berri bat sustatzeko, zentroaren edukien proposamena berritzeko helburuarekin. Orain arte bezala, zientziarekin, teknologiarekin eta matematikarekin lotutako edukiak sustatu nahi dituzte, baina baita ikus-entzunezkoen sorkuntza eta musika ere.
Hutsegite elektriko bat
Hilaren 14an gertatu zen sutea, 07:00 aldera. Herritar batek ikusi zuen kupulatik kea ateratzen ari zela, eta abisua eman zuen. Foruzaingoaren aurretiazko txostenaren arabera, elektrizitate sistemaren huts batek eragin zuen ezbeharra. Halere, behin betiko txostenaren zain daude, zergatik gertatu zen jakiteko. NICDOk ere bere azterketa abiatuko du, kalteak zenbaterainokoak izan diren neurtzeko. Eraikin osoa ikertuko dute.
Horren ostean, bertan egiten zituzten jarduerei berriz ekin ahal zaien aztertuko dute. Bitartean, jarduera horiek beste toki batzuetara mugitzeko lanean ari dira; besteak beste, Nafarroako Liburutegira. «Planetarioak herritarrekin duen lotura bizirik mantentzea» da helburua, Esnaolaren arabera.