Iruñeko karriketan euskarak agerian egon behar duela aldarrikatu dute

Eskaria egin diote hiriko udalari 2.428 pertsonak: jartzeko euskaraz kaleko ikurrak, euskaldunak ez daitezen «estalita» egon

Sinadura bilketa sustatu duten taldeetako kideak, atzo, Iruñeko Udalaren erregistroan. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Iruñeko kaleetan euskarak leku bistakoa behar duela aldarrikatu dute 2.428 pertsonak, hiriko udalean eskaria eginda. Euskaldunen hizkuntz eskubideak gogoan, Iruñeko kaleetako seinaleetan-eta horiek ez dituztela bermatzen salatu dute, sinaduren bitartez. «Hizkuntza paisaian tokiko hizkuntza agertzen ez denean, euskaldunok osatzen dugun komunitatea bere osoan estaltzen da», adierazi dute agirian. Hartara, legea betetzeko eskatu diote Iruñeko Udalari, eta kudeatzen dituen ikurrak jartzeko euskaraz.

Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak sustatuta bildu dituzte sinadurak hiriko hizkuntz paisaia euskalduntzearen alde. Bost euskara taldek osatzen dute elkarte hori: AEK-k, IKAk, EHEk, Administrazioan Euskaraz-ek eta Sortzen-Ikasbatuaz-ek. Horietako ordezkariek eraman zituzten 2.428 sinadurak atzo eguerdian Iruñeko Udaleko erregistrora.

Hirian euskararen egoerak hobera egin duela aitortu dute eragileek —«oparoa da euskarari emandako bultzada»—, baina eskubideen alorrean ez dute ikusi pareko erantzunik: «Ez daude bermaturik, eta alor horretan erantzukizun berezia dute administrazioek». Egoera hori iraultzeko asmoarekin jarri dute martxan kanpaina, eta hizkuntz paisaia hartu dute lehen jomuga. «Gutxien-gutxienik kasu horretan neurri zehatzak hartu eta konponbidean jarri behar dira».

Oharkabean pasako da maiz, baina eskaria aurkeztu duten elkarteek diote hiriko hizkuntz paisaiak aparteko garrantzia duela: «Ahotsik gabe ozen hitz egiten du: herritarrongan duen eragina handia da, modu subliminalean mezu ugari transmititzen baititu». Asko dira batean eta bestean: kale izenen plakak, errepideko seinaleak, bestelako kartelak... «Hizkuntza paisaiak nolako hirian bizi garen adierazten digu». Horri erreparatzen bazaio, erdaldun da Iruñea, hala baitaude idatzita seinale gehien-gehienak.

Euskara ezkutuan dago, beraz. Ekimena sustatu dutenen iritzian, horrek euskaldunak ikusezin bihurtzen ditu, eta, areago, euskara bera auzitan jartzen du: «Hizkuntza paisaian euskara agertzeak edo ez, bere prestigioa eta balio soziala zein den adierazten du». Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak adierazi du erakundeak direla erantzule, eta, horregatik, «larriagoa» dela egoera. «Iruñeko hizkuntza paisaian euskara gutxiestean, Iruñeko Udala euskaldun komunitatearen gutxiestea transmititzen ari da».

Jokaera aldatzera egin diote dei udalari, 2.428 sinadura aurkeztuta. Eskatu diote betetzeko euskararen egungo ordenantza «zorrotz», hizkuntza paisaia egoki erregulatzeko. Areago, lege hori beharrezko zatietan aldatzea ere galdegin diote, euskarak lehentasunezko tokia behar duelakoan udalaren menpeko seinaleetan eta. Herriko etxeak emango duen erantzunaren esperoan direlarik, dei egin diote Iruñeko euskara taldeak aintzat hartzera, eta haiekin elkarlanean egitera proposatutako aldaketa guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.