Iruñeko ikastetxe bat eta bi ikasle zigortu zituen iragan apirilean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, ikaskide bati hiru ikasturtez jazartzeagatik. Auzipetuen senideek eta ikastetxea kudeatzeaz arduratzen den enpresak helegitea jarri zioten epaiari, baina auzitegiak ez ditu alegazioak onartu, eta osoki berretsi du orduan eman zuen epaia.
60 orduz gizartearen aldeko lana egin beharko dute adingabeek, eta jazarpena jasan zuen ikasleak 20.000 euroko kalte ordaina jasoko du; ikastetxeak ordaindu beharko du kalte ordainaren %90, erasotuaren familiaren ohartarazpenei entzungor egin eta jazarpena ez atzemateagatik. Gainerakoa ikasle auzipetuek ordaindu beharko dute. Halaber, erasotzaileak ezinen dira adingabearengandik 300 metro baino gutxiagora hurbildu, gutxienez 10 hilabetez.
Apirilean emandako epaiaren arabera, «iraingarria eta umiliagarria» izan zen orduan DBHn zegoen ikasleak pairatutakoa. Eraso fisikoak egin zizkiotela ere baieztatu zuen epaileak, eta salatutako gertaerek adingabearengan eragindako kalteak askotarikoak izan zirela esan. Besteak beste, depresioa, antsietatea eta autoestimu defizita pairatu zituen.