Baldintza egokiak betetzen ez direla eta, Iruñeko Herri Haur Eskolak ezingo du ireki datorren ikasturtean. HE Gurasoak taldeak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, ez dago eskola «barrez beteko duen» haur nahikorik, ezta «izaera herritarra» emango dion finantzaketarik ere. Proiektuaren muina hori izanik, irailean hasteko asmoa bertan behera utzi behar izan dute: «Auzolanean eta denon artean ez bada, ezin da izan».
Haur faltaren arrazoia egungo egoera bereziarekin lotu dute. Adierazi dute matrikulazioek behera egin dutela sistema publikoko eredu guztietan, eta, egoera ikusita, «normaltzat» jo dute izen emateen beherakada.
Iruñeko Udalari ere hitz batzuk eskaini dizkiote oharrean. Euskarazko hezkuntza zerbitzuak hiriko iparraldean bakarrik eskaintzea oso erabaki gogorra dela diote. Salatu dute «etxetik gertu egotearen» garrantziak euskararen «kaltetan» jokatzen duela, eta Enrique Maia alkateak bazekiela hori.
Halaber, eskerrak eman dizkiete antolatutako modu ezberdinetan lagundu duten guztiei: «Mobilizazioetan parte hartu duzuen lagunei, batzarretara agertu zareten familiei, babes ekonomikoa eman duzuen euskaltzaleei eta ahal izan duen neurrian lagundu gaituzten Euskalgintzari eta Itsulapikokoei ere».
Oraingoz proiektua martxan jarri ezin badute ere, HE Gurasoak taldeak lanean jarraituko du Iruñeko euskara zerbitzuen alde. Udazkenean, haur eskolen organismoan «aldaketa gehiago» jorratuko dituen bilera bat egingo dute. Diotenez, proposamen eta ildo berriak garatu behar dituzte, «euskarazko hezkuntza publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko».
Proiektuaren sorrera
Herri Haur Eskola aurkeztu zuten Iruñeko Udalak euskara zerbitzuetako murrizketen alternatiba gisa. Hasieratik adierazi zuten «behin-behineko» irtenbidea zela, eta egoera hobetzearekin batera deuseztatuko zela proiektua.
Aurreko legealdian, Iruñeko hamasei haur eskoletatik lauk eskaintzen zuten euskarazko zerbitzua. Orain, Maia buru den legealdian, erdira murriztu nahi dute euskarazko zerbitzua duten haur eskolen kopurua. Bakarrak eskaintzen du zerbitzua euskara hutsean, eta beste batean bi hizkuntzetan matrikulatu beharra dago.
HE Gurasoak taldea behin baino gehiagotan bildu da udal taldeekin, eta murrizketa horiek bertan behera uzteko eskatu diete. Dena den, jaso duten erantzuna ez da nahi zutena izan. Maiak dioenez, murrizketa horiek Iruñeko gurasoen eskariaren arabera diseinatutakoak dira. HE Gurasoak taldeak zalantzan jartzen du eskaria zein den definitzeko erabili duten irizpidea.
Beste erremediorik ez zela ikusita, behin-behineko proiektu bat sortzea erabaki zuten: Herri Haur Eskola. Helburu nagusia da euskarazko hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzea. Horretarako, lokal bat prestatu, hezkuntza proiektua garatu, eta haur eskola publiko baten ohiko funtzionamenduari jarraitu zioten. Momentuz ez dituzte betetzen datorren ikasturtean irekitzeko moduko baldintzak. Halere, lanean segituko dute euskara zerbitzua bermatu ahal izateko.
Iruñeko Herri Haur Eskola ezin izango dute ireki datorren ikasturtean
Haur eta finantzaketa faltaren ondorioz hartu dute erabakia, eta udazkenean egingo dute egitasmoarekin jarraitzeko bilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu