«Egoera sozioekonomiko kalteberan» diren 297 ikasle onartu dituzte aurten Iruñeko haur eskola publiketan. Hezkuntza Departamentuak emaniko datuen arabera, «11.907 eurotik beherako per capita errenta duten familietako seme-alabak» dira, eta eskaera aurkeztu zuten guztiak onartu dituzte, izan Hezkuntza Departamentuak kudeatzen dituen haur eskoletako batean izan Iruñeko Udalaren menpekoetan. Pobreziaren atalasetik behera daude familia horiek —12.059 euroan dago Nafarroan—, eta, 2024-2025eko ikasturtean haur eskolan lehenbizikoz hasiko diren ikasleen artean, hamarretik ia lau daude ataka horretan: %37.
Hezkuntza Departamentuaren esanetan, 297 haur horiek aukera izanen dute lehen hezkuntza ziklo horretan hasteko, «batetik, departamentuak sustatutako harrera sistema berriari esker; eta bestetik, ikasturte honetan indarrean jarri den doakotasunagatik». Iruñeko Udalak kudeaturiko zentroetan, matrikula doakoa zen aurretik ere —egun osoko ordutegia aukeratzen dutenek jantoki zerbitzua ordaindu behar dute soilik—, baina, Hezkuntza Departamentuak nabarmendu duenez, izen emateak ugaritu egin dira Iruñeko haur eskoletan, gainerakoetan ere doakotasuna orokortzearekin batera: 1.444 eskaera jaso zituzten iaz, eta 1.484 izan dira aurten.
2024-2025eko ikasturtean, 5.354 ume hasiko dira Nafarroa osoko haur eskola publikoetan. Haur eskola horietatik zazpi Nafarroako Gobernuarenak dira, eta 530, berriz, udal eta toki entitateenak. Aurreko ikasturtean baino 41 eskola unitate gehiago dira aurten. Eskola batzuk berritu eta handitu egin dituzte, eta beste batzuk eraiki ere bai: Ameskoabarrenean, Faltzesen, Iruñeko Donibane auzoan eta Santakaran, besteak beste.
Langile gehiago eta egonkorragoak
Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, gobernuak 15 hezitzaile lanpostu sortu berri ditu, haur eskoletan aritzeko: «Lanpostu berri horiek haur eskoletako eskaintzaren gorakadari erantzuten diote, batetik; hezitzaile-laguntzaile gehiago kontratatzeko beharrari, bestetik; eta premia bereziak dituzten umeentzako laguntza langileak hartzeko beharrari, azkenik», adierazi du gobernuak ohar batean.
Iruñeko Udalak ere adierazi du ikasturte honetarako helburutzat hartua duela haur eskoletako langileen behin-behinekotasuna apaltzea. Azken bi urteetan, udal haur eskoletako erakunde autonomoak %40 murriztu du behin-behinekotasuna, egonkortze prozesuen bitartez. Udalak nabarmendu du 2022. urtean langileen laurdenek zutela kontratu finkoa, eta aurten %66 direla.