Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaintza legez kanpokotzat jotzen duen epaiari bizkarra emanda, seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzeko deia berretsi dute euskalgintzako eragileek. Iruñeko Euskalgintza plataformak, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek eta Sasoia elkarteak gogorarazi dute euskarazko eskaintza «inoizko handiena» izanen dela 0-3 zikloan: «Alde Zaharra, Donibane, Arrosadia, Arrotxapea eta Txantrea auzoetan, matrikula euskaraz egiteko aukera egonen da, baita Sanduzelain ere, bularreko haurren gelan».
Aurten eskaintza zabaldu izana «herritar anitzek eginiko lan itzelaren ondorio» dela gaineratu dute; horri jarraipena emateko, informazio kanpaina bat antolatu dute, Etorkizuna euskaraz, gero eta hurbilago leloarekin. Hala, eskuorriak igorri dituzte Alde Zaharreko etxe guztietara, eta kartelak ere jarri dituzte hainbat auzotan. Martxoaren 1etik 15era, hainbat boluntario Caldereria kaleko udal bulegoaren aurrean egonen dira, izena ematera doazen gurasoei euskarazko ereduari buruzko informazioa ematen.
EH Bildu, udalarekin bat
EH Bilduk ere agerraldia egin zuen atzo, Administrazio Auzietarako Epaitegiaren ebazpena kritikatu eta Iruñeko Udalari babesa adierazteko. Bakartxo Ruiz parlamentariaren ustez, epaiak agerian utzi du «erregimenak ez dituela aldaketaren erabakiak onartzen eta epaitegiak erabili nahi dituela sozialki eta politikoki galduta duena irabazteko». Epaiari helegitea aurkezteko erabakia txalotu du koalizioak.
Iruñeko haur eskoletan matrikula euskaraz egiteko deia berretsi dute eragileek
Euskarazko ereduaren aldeko kanpaina antolatu dute. EH Bildu: «Haur eskolen epaiak erakutsi digu erregimenak auzitegiak erabili nahi dituela»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu