Iruñeko gizarte zerbitzuetako langileek «presioak eta erasoak» salatu dituzte

Iruñeko Udalari eskatu diote «egungo eskariari aurre egiteko moduko baliabideak» jartzeko, eta erakunde politikoei, berriz, irizpideak bateratzeko.

Udal jangela bat.
Iruñeko Udalaren jangela bat. IRUÑEKO UDALA.
joxerra senar
2025eko urtarrilaren 23a
17:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñeko gizarte zerbitzuetako langileek lan arriskuen prebentziorako 28 espediente ireki zituzten iaz. Prentsaurrekoa egin dute gaur, eta, jakinarazi dutenez, «izozmendiaren tontorra baino ez da» datu hori. Josune Legal eledunak adierazi duenez, «presioak, mehatxuak eta erasoak» jasan dituzte lanean ari zirela. Besteak beste,  «hogeitik gora kasutan» estu hartu dute etxegabeentzako aterpeetako langileren bat, zerbitzu hori baliatu ahal izateko.

152 gizarte langilek sinatutako komunikatua irakurri du Legalek. «Egun, gure lana egiteko orduan, ikusten dugu gure jarduna auzitan jartzen dutela hainbat erakundek, hainbat elkartek eta zenbait pertsonak. Presio egiten dute zerbitzu jakin batzuk erabili ahal izateko araudia bete beharrik gabe», aipatu du. Horren harira, adierazi du «errespetu faltak, mehatxuak eta presioak» onartezinak direla.

Haren hitzetan, «zenbait pertsonak eta taldek» egindako presio hori kaltegarria da. «Gure lana zailtzeaz gain, nabarmen zailtzen dute beharrik handiena dutenei kalitatezko jarraipena egitea». Esplikatu dutenez, zenbaitek auzitan jartzen dituzte teknikarien erabakiak, eta esku hartzen ahalegintzen dira mezu elektronikoen, deien eta «zuzeneko ekintzen» bidez.

Zenbaitetan, langileen inpartzialtasuna ere jartzen da zalantzan, adierazi dutenaren arabera. «Batzuetan, bereizkeriaz jokatzea egozten digute». Gaineratu dute esku hartze horiek lan eremutik kanpo ere badutela eragina. «Auzitan jartzen dituzte gure segurtasuna eta ongizatea».

Iruñeko Udaleko arduradunei eskatu diete neurriak ezar ditzatela «egungo eskariari erantzuteko moduko bitartekoak» izateko. Arlo horretan dabiltzan eragileen arteko lankidetza ere eskatu dute. Gainera, erakundeei galdegin diete irizpideak bateratu daitezela gizarte politiketan. «Ildo estrategikoak ezar daitezela berdintasunean, erantzukidetasunean eta irizpide teknikoetan oinarrituta», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.