Politika

Iruñeko gertaerak "terrorismo delitu" izendatzea gehiegizkoa dela diote Asironek eta Mendozak

Iruñeko eta Errenteriako alkateek oharra atera dute, biek batera. Iruñean gertatutakoa eta “indarkeriazko edozein adierazpen” gaitzesten dutela diote, baina, aldi berean, gehiegizkoa iruditzen zaiela hiru gazteak "terrorismo delituak" egotzita giltzapean edukitzea.

2017ko martxoaren 18a
19:36
Entzun

Julen Mendoza eta Joseba Asironek, Errenteria-Oreretako eta Iruñeko alkateek, hurrenez hurren, adierazpen bateratua plazaratu dute. Gaur zortzi Nafarroako hiriburuan izandako gertaerak eta hiru gazte errenteriarren espetxeratzea gaitzetsi dituzte. Iruñeko espetxean dauden hiru gazteen “berehalako askatasuna” exijitu dute, eta Auzia Espainiako Auzitegi Nazionaletik epaitegi arrunt batera pasatzea eskatu dute Mendoza eta Asironek, terrorismo kalifikazioa kenduta.

“Indarkeriazko edozein adierazpen” —Iruñekoak barne— gaitzetsi dituzte, eta “irmotasun berarekin” gaitzetsi dituzte istilu horiek terrorismo bezala kalifikatzea. “Neurrigabea” dela eta “iraganari eta salbuespen neurriei” erantzuten dietela uste dute. “Gure herrian bakegintzan eta elkarbizitzan urratsak ematea oztopatzen dute”.

Etorkizunera begira jartzeko deia luzatu dute, halaber, bi alkateek. “Uste dugu batzuek zein besteek iraganean nahi gaituztela, gainditutzat jotzen genituen gertaera, egoera eta dramak errepikaraziz”, gaineratu dute. Hainbat sektorek “indarkeriari buruz egiten duten ariketa nostalgiko eta hutsalak” kezkatzen ditu bi hirietako alkateak. Espainiako Estatuarentzako ere izan dituzte hitzak: “Irmotasun berberarekin, kezkatzen gaitu estatuaren jarrera immobilistak eta salbuespenezko neurri eta politiken mantentzeak”. Horrela, uste dute “batzuek zein besteek” gazte belaunaldi bat “indarkeriaren eta sufrimenduaren ziklo berri batean katramilatu” nahi dituztela.

Atxilotutako lau gazteen gurasoei “elkartasunik zintzoena” adierazi diete, “alkate eta aita” bezala. Izan duten “ausardia” txalotu eta atzoko agerraldian egindako adierazpenengatik zoriondu dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.