HIZKUNTZA POLITIKA

Iruñeko euskararen ordenantza 1997ko parametroetara itzularazi nahi du Navarra Sumak

Proposamen murriztaile bat aurkeztu dute, osteguneko osoko bilkuran eztabaidatzeko: helburua "hizkuntza askatasuna" dela esan du Maiak, "baina udala langile euskaldunez bete gabe"

Enrique Maia alkatea eta Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotzia, gaurko agerraldian. ION ORZAIZ
Ion Orzaiz.
2019ko azaroaren 11
14:16
Entzun

Atzera. Navarra Sumak atzera eraman nahi du Iruñeko Udaleko hizkuntza politika. 1997raino, hain zuzen. Urte hartan onartu zuten aurreko euskararen ordenantza —2019ko arauak ordezkatu zuen, lauko gobernua agintean zela—, eta testu hori abiapuntutzat hartu du koalizio espainiazaleak, proposamen berri bat ontzeko: "1997ko ordenantza berreskuratu dugu, ia bere osoan", laburbildu du Garcia-Barberenak.

Iruñeko alkate Enrique Maiak eta Kultura eta Berdintasun alorreko zinegotzi Maria Garcia-Barberenak egin dute proposamenaren aurkezpena. Biek ala biek esan dute arau berriak herritarren eskubideak bermatuko dituela, "eremu mistoari dagozkion baldintzetan".

Maiaren esanetan, ordenantza berriak "ez du elebitasun osoa inposatuko administrazioarekiko harremanetan", eta "hartzailearen araberakoa" izanen da "hizkuntza bat ala bestea erabiltzea". Areago: alkateak berretsi du udalari euskaraz zuzentzeko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea bermatuko dutela, "baina udala euskaldunei murriztutako lanpostuz bete gabe". Izan ere, Maiarentzat "lehentasuna" da "herritar guztien aukera berdintasuna bermatzea administrazioan lanpostu bat lortu nahi dutenean".

Euskara, hautazkoa

Euskaldunen eskubideak nola bermatuko dituzten galdetuta, alkateak erantzun du herritarrek udalera jo eta arreta euskaraz jaso nahi dutela adierazten badute hizkuntza horretan igorriko zaizkiela udal agiri guztiak. Euskarazko tratu hori ahozko harremanetara ere zabalduko duten jakin nahi izan du BERRIAk. Lehor erantzun du alkateak: "Ez".

Izan ere, Maiaren esanetan, Iruñea "eremu mistoan" dago, "eta ezin da bermatu langile guztiek euskaraz jakitea". Hori "euskaldunentzako udal lantalde paralelo bat" izanen litzatekeela gaineratu du Garcia-Barberena zinegotziak. Hala ere, Navarra Sumak eredugarritzat jotako 1997ko ordenantzaren arabera, "ahoz, udalari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei era berean eginen zaie harrera, eta udalak neurri egokiak hartuko ditu helburu hori erdiesteko".

Maiak gaineratu du, halaber, euskarazko arreta emateko lanpostuak zehaztuko dituztela, eta kasuan-kasuan hizkuntza eskakizunak ezarriko dituztela, "lan jakin hori egin ahal izateko". Gainerako postuetan, Iruñeko Udalak meritu gisa onar dezake euskararen ezagutza, "baina hori ez da betebehar bat izanen: hautazkoa da".

Aldaketak hizkuntza paisaian

Lanpostu deialdiez eta administrazioarekiko harremanez gain, Navarra Sumak proposatutako ordenantza onartzen badute, aldaketak ezarriko dituzte Iruñeko hizkuntza paisaian ere. Udal ordezkariek ez dute zehaztu zeintzuk izanen diren aldaketa horiek, baina nabarmendu dute "berdin" jorratuko dituztela euskara nahiz gaztelania, "bata besteari gailendu gabe". Alkatearen irudiko, ekainetik indarrean dagoen ordenantzan euskarak "lehentasuna" zuen zenbait seinale eta agiritan, eta hori aldatu nahi dute aurrerantzean.

Eskuorriei eta bestelako agiriei dagokienez, elebitasunaren kontra azaldu dira Maia eta Garcia-Barberena: "Nahasmena sor dezake bi hizkuntzak batera ikusteak". Horregatik, banandu eginen dituzte euskarazko nahiz gaztelaniazko mezuak. "Gaztelaniazko eskuorriak eskainiko ditugu, eta baita euskarazkoak ere, eta jendeak aukera dezala nahiago duena". Yolanda Barcinaren agintaldian, antzeko neurria hartu zuen Iruñeko Udalak, eta euskalgintzako eragileak kexu azaldu ziren askotan, euskarazko materiala eskasa zelako edo, besterik gabe, eskuragai ez zegoelako.

Murrizketak euskarazko publizitatean

Euskarazko eta gaztelaniazko mezu instituzionalak banatzearekin batera, euskarazkoak murriztu nahi ditu Iruñeko Udalak. Maiaren esanetan, ordenantza berriarekin udalak ez du betebeharrik izanen publizitate eta mezu guztiak ele biz eskaintzeko: gaztelania erabiliko dute publizitate kanpainetako euskarri gehienetan, eta euskara %25era murriztuko dute: "Eta, hala ere, euskararen ezagutza eta erabilera datuak baino gehiago da hori", gaineratu du Garcia-Barberenak.

Ordenantzaren proposamena udalbatzan eztabaidatuko dute, heldu den ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.