Iruñeko Euskalgintza plataforma osatzen duten eragileak —AEK eta IKA euskaltegiak, LAB, ELA eta Steilas sindikatuak, HE Gurasoak, Administrazioan Euskaraz Taldea eta Sortzen— kalera aterako dira maiatzaren 16an, salatzeko 0-3 zikloko eskoletan «ez dela bermatzen ari euskaraz ikasteko eskubidea» eta konponbidea eskatzeko bai Iruñeko Udalari bai Nafarroako Gobernuari. Manifestazioa eginen dute, 18:00etan, Sarasate pasealekutik abiatuta.
«Nafarroan euskararen egoera tamalgarria da, jasotzen dituen erasoez gain euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen delako, behin eta berriz», azaldu dute manifestazioaren antolatzaileek, ohar batean. «Besteak beste, ez da bermatzen Iruñean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea». Orain arte, zenbait manifestazio, elkarretaratze eta sinadura bilketa egin dituzte euskalgintzako eragileek, baina egoera ez da aldatu 2019an UPN alkatetzara itzuli zenetik. Gaur egun, euskarazko murgiltze eredua eskaintzen duen zentro bakarra dago hiriburuan —Izartegi haur eskola, Txantrean—, eta, beste auzo batzuetan eredu «misto» bat ezarria duten arren —gaztelaniazkoak euskarazko jarduera batzuekin, edo euskarazkoak ingelesezko edukiekin—, eskaintza «oso eskasa» dela uste dute euskararen alorrean lan egiten duten eragileek.
Ikusi gehiago
Eragileok ezinegona agertu zuten iragan otsailean, udal gobernu berriak iragarri baitzuen egungo eskaintza ez dela aldatuko 2024/2025eko ikasturtean ere. Hala ere, ez dute amore eman nahi, eta gogora ekarri dituzte Joseba Asiron alkateak berriki eginiko adierazpen batzuk: «Asironek esana du agintaldi honetarako helburua dela Iruñeko edozein auzotan haurrek euskaraz ikasteko aukera edukitzea». Otsaileko agerraldian, Steilaseko Ane Apezetxeak aitortu zuen alkatearen adierazpenek «itxaropena» piztu dutela, baina estu zainduko dutela udalaren jarduna, helburu hori bete dadin. «Udalak azaldu digunez, ezin dute ikasturte honetan aldaketarik ezarri, epe eta denbora kontuengatik, baina, hurrengoei begira, aitzakia hori ezinen dute erabili», gehitu zuen AEK-ko kide Asier Biurrunek: «Lanari orain ekinez gero, ez litzateke arazorik egon behar euskarazko murgiltzea auzo guztietan eskaini ahal izateko, eta, hori gauzatu bitartean, urrats batzuk egin daitezke egungo eskaintza hobetzeko».
Barcinaren garaietatik gaurdaino
Yolanda Barcina alkate zen garaian, bi ziren euskarazko haur eskolak Iruñean, eta Txantrea auzoan zeuden biak ala biak. 2015ean, Joseba Asironek aginte makila eskuratu ostean, zeharo aldatu zen egoera, eta lau haur eskolatan ezarri zuten murgiltze eredua: Txantrean, Arrotxapean, Donibanen eta Arrosadian. UPNk eta PSNk berehala ozendu zuten «euskararen inposizioari» buruzko diskurtsoa, eta auzitara ere jo zuten, euskarazko eskaintza handitu izanaren aurka.
Ikusi gehiago
2019an UPN atzera ere udal gobernura itzulita, Enrique Maia eta Cristina Ibarrola alkateek urtetik urtera murriztu zuten euskarazko eskaintza: Iruñe osoan hamazazpi haur eskola daude, eta, gaur egun, bakarrak du murgiltze eredua: Txantreako Izartegik. Beste auzo batzuetan, euskara eskaintzen da beste hizkuntza batzuekin batera. Kasu horietan, baina, eskolako hizkuntza nagusia gaztelania dela salatu dute euskalgintzako kideek behin baino gehiagotan: «Hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen diren esparruetan, gaztelania gailentzen da; hezitzaileek erdaraz egiten dute euren artean, nahiz eta eduki batzuk euskaraz eman».
«Egoeraren larritasunaren aurrean, jarrera aktiboa eskatzen diegu Iruñeko Udalari, Nafarroako Gobernuari eta haiei eusten dieten alderdiei: euskarazko haur eskolak nahi ditugu auzo guztietan», adierazi dute Iruñeko Euskalgintzako kideek, maiatzaren 16ko mobilizazioari begira.