Euskal presoak

Iruñeko espetxearen «jarrera immobilista» salatu dute Etxerat-ek eta Sarek

Kartzelako zuzendaritzari eskatu diote Iruñean diren zazpi euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta euren espetxe bidean «oztopo izateari uzteko». Larunbaterako manifestaziora deitu dute, 18:00etarako, Iruñeko Intsumisio parketik aterata.

Mikel Mundiñano (Sare) eta Xochitl Karasatorre (Etxerat) gaur, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2022ko ekainaren 13a
12:19
Entzun

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez bezala, Nafarroak ez du espetxe arloko eskumenik, eta hori nabari da Iruñeko kartzelan. Sarek eta Etxerat-ek nabarmendu dute «Eusko Jaurlaritzak kudeatutako espetxeen jardun ildoaren kontrako bidetik» doala egun Iruñekoa, eta bertako zuzendaritzaren «jarrera immobilista» gaitzetsi dute.

Egun, Iruñean zazpi euskal preso daude. Guztiak dute kondenaren erdia beteta eta ia guztiek zigorraren hiru laurden beterik dituzte. Sareren eta Etxerat-en arabera, estatuko espetxe administrazioak izendatutako zuzendaritzak ez du presoek eskatutako baimenen aldeko proposamenik egin, eta «baimena ukatzeko erabaki horiek ezin dira atzera bota epaitegietan».

Egoera hori salatzeko, prentsaurrekoa eman dute Mikel Mundiñano Nafarroako Sareko eledunak eta Xochitl Karasatorre Etxerat-eko ordezkariak.

Gaineratu dutenez, gaur-gaurkoz bigarren graduan sailkatutako preso bakar batek ezin izan du baimenik eskuratu eta baliatu espetxearen ekimenez. Halaber, egun 3. graduan direnak euren jatorriko espetxeetako tratamendu batzarrek —Soria, El Dueso eta Villabona— hasitako proposamenaren ondorioz daude egoera horretan.

Espetxea aldatzeko eskaerak

«Egoskorkeria hori erabat eutsiezina da», aipatu du Mundiñanok. Ondorioz, zuzendaritzaren jarrera ikusita, Iruñera igorritako preso arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrek Zaballako edo Martuteneko kartzelara aldatzeko eskatu dute, «ez zutelako inolako aukerarik espetxe bidean aurrera egiteko».

Hori ikusita, euskal presoek etxera itzultzeko bidea ez oztopatzea galdegin dute. Iruñeko kartzelako buruzagitzari eskatzen diote espetxe bidea ahalbidetzeko, oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboa izateko. «Ez gara ari onurez; salbuespen politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz ari gara. Eskubideez ari gara», aipatu du Mundiñanok.

Manifestazioa larunbatean

Horregatik, datorren larunbatean, 18:00etan, manifestazioa egingo dute Iruñeko Intsumisio parketik abiatuta; lehenagoko espetxe zaharra zegoen orubearen paretik hasita, alegia.

Halaber, Mundiñanok gogora ekarri du oraindik ere 85 preso Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudela. «Ezin da ulertu zergatik ez den behin betiko baztertzen urruntze politika eta, beraz, zergatik ez diren falta diren presoak jaioterrira hurbiltzen», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.