Espetxeak

Iruñeko espetxean emakume bat hil dela salatu du Salhaketa erakundeak

Astelehen goizaldean hil zen. Salhaketa erakundeak jasotako informazioaren arabera, erantzuna ez zen espero bezain azkarra izan. Santos Indurain Osasun kontseilariaren eta Eduardo Santos Justizia kontseilariaren agerraldi bateratua eskatu du EH Bilduk.

2021eko azaroaren 11
09:23
Entzun

Salhaketa erakundeak adierazi duenez, astelehen goizaldean preso bat hil zen Iruñeko kartzelako emakumeen moduluan –espetxearen bitartez baieztatu du heriotza erakundeak–. Zeldako bizikideak eman behar izan zien espetxeko arduradunei eta osasun profesionalei gertatutakoaren berri. Erakundeak bildutako informazioaren arabera, espetxeko langileen erantzuna ez zen izan horrelako egoera batean espero zitekeen bezain azkarra.

Nafarroako Gobernuak Iruñeko espetxearen osasun eskumena bere gain hartu eta bi hilabetera gertatu da ezbeharra. Hala ere, Iruñeko espetxeak ez du guardiako medikurik egun osoan, eguneko 24 orduetan. Eta Salhaketa erakundearen arabera, «neurri hori guztiz beharrezkoa da presoen egoera sanitario espezifikoa kontuan hartuz gero».

Egoera ikusirik, lehenbailehen guardiako mediku bat jartzeko deia egin dio erakundeak Nafarroako Gobernuari, «eguneko 24 orduetan», espetxean «beste heriotza bat» izan delako eta espetxe osasuna bere gain hartzen duen kontu bat delako. Bigarrenik, espetxearen funtzionamenduari lotutako protokoloak, zerbitzu medikoen jarduna eta abisu protokoloak berrikusteko ere eskatu du erakundeak. Hirugarren puntuan, berriz, laguntza psikologikoan egin du azpimarra, eta Nafarroako Gobernuari galdegin dio premiazko laguntza eskaintzea Iruñeko espetxean dauden eta laguntza psikologiko hori jaso nahi duten emakume guztiei, «horrelako gertaerei aurre egin ahal izateko».

Santosek heriotza deitoratu du

Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilaria «nahigabetuta» azaldu da presoaren heriotzagatik, eta senideei doluminak azaldu dizkie, parlamentuan kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. «Kartzelako heriotza oro zorigaitza da, eta hala eduki behar dugu kontuan. Gertutasuna adierazi behar dugu».

Heriotzaren zergatiei buruz «zuhur» agertu da Santos, eta nabarmendu du ikerketa judiziala abian dela. Emakumearen autopsiak argituko du, haren esanetan, heriotzaren arrazoi zehatza, baina oraingoz ezin du ezer aurreratu. «Gai honi buruz ezin da ondoriorik eman».

Abuztuaren 1etik Iruñeko espetxearen osasun zerbitzuak bere gain hartu ditu Osasunbideak, baina, Salhalketak salatu duenez, oraindik ez dago 24 orduko mediku zerbitzurik. «Eskumen partekatua da, eta zaintza espetxe administrazioarena da». Haren esanetan, osasun arloko batzorde mistoa biltzeko dago, eta han hitzartu behar dira osasun arretaren neurri zehatzak.

Gobernuko iturrien arabera, Salhalketaren aldarrikapenak zentzuzkoak dira. Berez, bi gobernuek hiru ordezkari bidaliko dituzte bilera horretara, eta aurretik ere hala zegoen aurreikusia, baina ez dute epe zehatzik ez bileraren dataz, ez noiz hartuko diren neurriok. EH Bilduko Bakartxo Ruizek txiokatu duenez, «ez dago aitzakiarik», eta berehala hartu behar dira neurriak.

Kontseilarien agerraldia

Albiste lazgarriaren aurrean, EH Bilduren talde parlamentarioak uste du «errealitate hori onartezina» dela gizarte demokratiko batean. Era berean, presoaren heriotzak agerian utzi du abuztuaren 1etik, eskumenak hartu zirenetik, ez dagoela medikurik 24 orduz Iruñeko espetxean. Hala, Santos Indurain Osasun kontseilariaren eta Eduardo Santos Justizia kontseilariaren agerraldi bateratua eskatu du koalizioak, hiru hilabeteotan hartu diren neurrien berri emateko.

Horrez gain, Santos Indurain kontseilariari zuzendutako galdera ere erregistratu du parlamentuan: koalizioak jakin nahi du gobernuak zer baliabide dituen kartzelan osasun arloko gertaerei aurre egiteko. Halaber, informazio eskaera bat egin du, espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak buruko osasunerako eta berdintasunerako programak sustatzeko sinatu duten hitzarmenaren kopia bat bidal dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.