Iruñeko Erorien Monumentua «erabat eraisteko» eskatu dute hogei bat elkarte memorialistak

Manifestu bat sinatu dute, zeinean uko egin baitiote monumentua eraldatzeari, eta salatu dute eraikinaren «esentzia bera» dela «faxismoaren goratze material eta sinbolikoa».

Erorien Monumentua, Iruñean; han da Mola eta Sanjurjoren kripta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erorien monumentua, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 10a
16:15
Entzun

Iruñeko Udaleko gobernu talde berriak aspaldiko eztabaida bat jarri du mahai gainean: zer egin Erorien Monumentuarekin. UPNk auzia alde batera utzita izan du ia bost urtez, baina gainerako indar politikoek berriro heldu nahi diote monumentu faxistaren eztabaidari, eta adostu dute «kontsentsuzko proiektu bat» aurkeztuko dutela. Bada aurrekaririk: 2015-2019ko legealdian, Joseba Asironen gobernu taldeak ideia lehiaketa bat jarri zuen martxan. Aurkeztutako proiektuetako batzuek planteatzen zuten monumentuari bere horretan eustea, elementu eta izkribu faxistak kenduta, espazioari «zentzu berri bat» emateko; beste askok proposatu zuten eraikinaren eraldaketa sakon bat egitea: monumentua museo bihurtzea, adibidez. Bazen beste aukera bat, ordea: mausoleo frankista izandakoa goitik behera eraistea eta eremua berdintzea. Horren alde azaldu dira gaur Nafarroako hemeretzi elkarte memorialista, Iruñean egin duten agerraldian.

Elkarte horiek manifestu bat sinatu dute, eta, izenburutik beretik hasita, argi utzi dute zer nahi duten: Eraitsi orain! Are: Iruñeko Udalari, Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari galdegin diete «lehenbailehen abiatu ditzatela egin beharreko ekinbideak, eraikina desagerrarazteko lanak hasteko».

Manifestuaren sinatzaileek ez dute eraldaketarik edo birsignifikaziorik nahi. Adierazi dute Iruñeko Erorien Monumentua diseinatua eta eraikia izan zela «faxismoaren panteoi erraldoi gisara», hain zuzen, «1936ko uztailaren 18ko kolpe militar bortitzaren bi buruzagi eta zuzendari nagusiei gorazarre egiteko». Elkarte memorialisten esanetan, eraikinaren «funtsa» da kolpe militarra, 36ko gerra eta haren osteko diktadura gogoratzea, eta kolpistak omentzea: «Nafarroan ez zen izan gerra fronterik, eta, hala ere, odol hotzean erail zituzten milaka herrikide, beren ondasunak lapurtu zizkieten, komunala arpilatu zuten, senideak umiliatu zituzten, eta, hamarkadaz hamarkada, isiltasuna, ahanztura eta beldurra inposatu zituzten». Sinatzaileen irudiko, hori guztia goratzen du Erorien Monumentuak: «Inposatutako pentsamolde bakar eta totalitarioaren ikur apologetikoa da».

Horregatik guztiagatik, elkarteek uste dute eraikinari eustea «justifika ezina» izanen litzatekeela: «Nola justifikatuko dugu erabakia etorkizuneko belaunaldien aurrean, nazioarteko legediak berak badio garai hartan gertatutakoak gizateriaren kontrako krimenak eta genozidioa izan zirela?». Manifestua sinatu duten hemeretzi eragileentzat, aukera bakarra dago: eraikina eraistea. «Erabilera edo zentzu berri bat eman nahi izateak talka egiten du eraikinaren esentziarekin berarekin: faxismoaren goratze materiala eta sinbolikoa».

Monumentua «oroimenerako gune» izendatzeko asmoak ere txarretsi dituzte: «Ez gatoz bat inondik inora kontzeptu horrekin, Erorien Monumentu izenekoa memoria demokratikoaren kontrako elementua baita». Hori dela eta, erakunde publikoei eskatu diete eraikinak duen «legezko blindajea kentzeko», horrek bidea ireki diezaion eraisteari.

SINATZAILEAk

  1. Altsasu Memoria

  2. Areka elkartea

  3. AFFNA36 Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartea

  4. Maravillas Lamberto elkartea

  5. Txinparta - Fuerte San Cristobal elkartea

  6. Valentin Plaza de Castejon elkartea

  7. Basilio Lacort elkartea

  8. Bideko Mitxingorria koordinakundea

  9. Euskal Memoria

  10. Erreniegako Hilobiak

  11. Altaffaylla fundazioa

  12. Kasedako Memoria

  13. Zurbau kolektibo memorialista

  14. Muga taldea

  15. Mujeres con Memoria elkartea

  16. Erriberri Memoriaren Alde

  17. Orreaga fundazioa

  18. Teileriako Ahaztuak

  19. ZER

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.