Iruñeko EH Bilduk Navarra Sumari egotzi dio diru publikoa erabiltzea bere onurarako

Koalizioak azaldu duenez, Zerbitzu Juridikoen buruak «lan orduetan» txosten bat egin zuen, Navarra Sumak eskualdeko Ingurumen Zentroaren proiektuaren aurka aurkeztutako alegazioekin

Joseba Asiron, artxiboko argazki batean. IÑIGO URIZ/FOKU
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 29a
15:45
Entzun

Joseba Asiron EH Bilduk Iruñeko Udalean duen bozeramaileak Navarra Sumari egotzi dio «diru publikoz ordaintzen diren eta inpartzialtasun betebeharrari lotuak dauden udalaren zerbitzu eta baliabideak erabiltzea beste erakunde batzuetan erabiltzen diren alderdiaren lanak eta txostenak egiteko».

Gaur goizean egin du agerraldia Asironek, Garbiñe Bueno eta Endika Alonso EH Bilduko zinegotziekin batera, eta Juan Jose Etxeberria zinegotziaren eta Udaleko Zerbitzu Juridikoen buru den Gonzalo Perezen dimisioa eskatu dute, horiek baitira, EH Bilduren arabera, baliabide publikoak erabilita alderdiarentzako txosten bat egin zutenak.

Zehazki, Asironek adierazi duenez, koalizioak Nafarroako Informatikako Ingeniaritzako Lanbide Elkargoari enkargatutako peritazio informatiko baten arabera, Zerbitzu Juridikoen buruak «lan orduetan» txosten bat egin zuen, martxoaren 21etik 28ra bitartean, Navarra Sumak «mankomunitateak bultzatutako eskualdeko Ingurumen Zentroaren proiektuaren aurka» aurkeztu zituen alegazioekin —hain zuzen, UPN, PPN eta Cs koalizioak ere proiektu horren aurka azaldu dira—. Adierazi duenez, Juan Jose Etxeberria zinegotziak Iruñerriko Mankomunitatearen batzarrean «berea balitz bezala aurkeztu» zuen dokumentua.

Era berean, Enrique Maia Iruñeko alkateari galdegin diote lehenbailehen azalpenak emateko; alkateak praktika horien berri bazuen jakin nahi izan du koalizioak. Aurreratu dute Maiak gertatutakoaren berri izan eta orain arte neurririk hartu ez badu haren dimisioa ere eskatuko dutela. «Zaila da sinestea alkateak ez daukala horrelako praktika irregularren berririk. Hiru urte daramatzagu jada horrelako kasuak salatzen: Comiruñako dietak, Labairuko garabia, Coworkids kontratuak, Hipikarekiko faborezko tratuak edo Caballeroren bulegoko kontratuak, besteak beste». Horrez gain, Perez Remondegik gisa horretako zenbat txosten egin dituen aztertzeko batzorde bat eratzea ere galdegin du EH Bilduk.

Maia: «EH Bilduren kasketa bat da»

Maiak ordu batzuk geroago erantzun dio Asironi, eta esan du «Bilduk daukan etengabeko kasketa horren barruan” kokatzen dituela akusazioak, «bereziki hondakinen instalazioei dagokienez»: «Badirudi aitzakiak bilatzen ari direla arreta errealitate batetik desbideratzeko: auzitegiek instalazio horien proiektua bertan behera uztera derrigortu duela mankomunitateko gobernua eta, zehazki, gobernu horretako kide den Bildu». Hala ere, azaldu duenez, oraindik «informazio gehiegi» ez daukan arren, kontuan izango dute Asironek esandakoa, udalaren erantzukizuna delako.

Maite Esporrin Iruñeko Udaleko PSNko bozeramaileak adierazi du «informazio guztia» eskatuko dutela EH Bilduk azaleratu duen aferaren inguruan, eta, esan duenez, Asironek esandakoa egiaztatzen bada, «beharrezkoak diren erantzukizunak» hartzeko galdegingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.