Ordenagailuak martxan jarri ezinik aritu dira gaur zerbitzu askotan, Crowdstrike etxearen programa batek Microsoften sistema operatiboei kalte egin ondoren, eta horren eraginak igarri dira banketxeetan, hegaldietan, zenbait saltokitan, eta osasun etxe askotan. Gurutzetako ospitalean ere bai (Barakaldo, Bizkaia).
Larrialdiak artatzeko zerbitzuan, bereziki «kaotikoa» izan da goiza, unitate horretan lan egiten duen erizain batek —nahiago izan du izenik ez eman— azaldu duenez. «Sistema 10:15ean guztiz erori den arren, 07:30-08:30 bitarteko hori izan da guretzat gogorrena». Goizeko tarte horretan nabaritu dituzte ordenagailuetako sistemak behar bezala erabiltzeko lehenengo arazoak. «Zorionez, ondo prestatuta gaude, eta martxan jarri dugu halakoak gertatzen direnerako daukagun beste sistema bat».
Bost orduren ostean, 12:30ean, kaosa baretu, eta betiko itxura hartu du berriz Gurutzetako larrialdietako itxarongelak: hogei bat pertsona eserita, kontsultetara deituak izateko esperoan. Itxaronaldiak, hori bai, ohi baino luzeagoak izan dira, osasun langileek ordenagailuak nahi bezala erabili ezin zituztenez, paperarekin lan egin behar izan dutelako. «Hala, moteldu egiten da, adibidez, analisi baten emaitza lortzeko denbora, baina, behintzat, paziente bakoitzaren historia ikus dezakegu», adierazi du erizainak.
Mostradoreko kristalaren beste aldetik langile batek jakinarazi duenez, Osakidetzako anbulatorioek nabaritu dute Microsoft erortzearen eragin nagusia. «Askok ezin izan dituzte plakak egin, datuak biltzeko modurik ez dutelako, eta larrialdietara bidaltzen dituzte pazienteak». Horrek ere itxaronaldiak luzatu ditu.
Itxarongelan jesarrita egon den andre batek, esaterako, ordu bi egin ditu zain, eta jasaten zituen minez kexatu zaio zaindari lanetan zebilen andre bati. «Ezin dizut lagundu, sentitzen dut. Minik baduzu, esaiezu erizainei zer gertatzen zaizun, baina, momentuz, itxaron besterik ezin duzu egin».
Pantailan izenik ez
I. Gil eta M. C. Rodriguez bikotea dira, eta Gili egindako nefrologia analisien bila joan dira Gurutzetara. Baina ezin izan dizkiete eman. «Emaitzetarako sarbiderik ez dute. Uste dugu ondo dagoela, baina badaezpada ere telefonoz deituko digute gaur», azaldu du Rodriguezek. Harrerako atearen parean geratu dira, zutik eta etsita. «Emaitzak berehala behar ditugu, hurrengo astean beste azterketa batzuk egin behar dizkiotelako». Izan ere, gaurko atzerapenek bestelako ondorioak ere ekar ditzakete.
Begi bat aztertzeko ordua zuen, berriz, Nekane Diazek. Bertan behera utziko zuten beldur zen, baina harritu egin da kontsultan bertan arazorik izan ez duenean. «Egia da itxaronaldiak askoz ere luzeagoak direla, baina niri behintzat ez didate oztoporik jarri». Izan ere, begia aztertzeko ez zuten behar Microsoften gailurik, eta, beraz, azkar artatu ahal izan dute. Are gehiago, etxera bueltatzeko baimena eman diote.
Gilek, Rodriguezek eta Diazek, ordea, zailtasun bera aurkitu dute Gurutzetara ailegatzean: txanda emateko pantailek ez zuten funtzionatzen, eta erizainek eta medikuek deitu behar izan diete pazienteei. Zuriz jantzita gehienak, itxarongelako ateetara hurbildu eta artatu beharreko hurrengo gaixoaren izena esaten aritu dira, sendo, nagusiek ere uler zezaten zertan ari ziren.
Iruñean, banketxeak
Iruñeko Donibane auzoko saltokietan ez dute aparteko arazorik izan Microsoften erorialdiaren ondorioz. «Hemen deus ez: lanean berdin segitu dugu», azaldu du auzoko anbulatorioko langile batek. Goxolate kafetegiko langile Maria Irisiarrik ere ez du deus igarri: «Guk problemarik ez, nahiz eta datafonoa bertze egunetan baino gehiago erabili dugun».
Hortik hurbil dago Ogiberri okindegia. Arazoa oharkabean pasatu zaiela esan du Inma Nagore okindegiko jabeak. «Pare bat intzidentzia» eduki arren, programak ez omen die hutsik egin.
Badirudi Donibane salbuespenetako bat izan dela, eta bertako langile eta bizilagunek normal pasatu dutela goiza. Baina auzoko banketxeak ez dira libratu, eta sumatu dute erorialdia. Bankinter bankuan goizean goizetik sentitu dute arazoa. Ujue Cuesta banku horretako langileak erran du goiz guztia egon direla kutxarik gabe: «Goizeko zortzietatik ezin dugu kutxarik egin eskudirutan».
Kalea gurutzatuta, Laboral Kutxaren bulego bat dago, eta bertan ere besoak gurutzaturik egon behar izan dute, ezinbertzean. «Hamarrak arte ezin genuen ordenagailua piztu ere egin», adierazi du Aitana Corretger administratzaileak. Hamarrak eta laurdenerako ordenagailua berrezartzea lortu dute, baina konpondu bitartean bezero anitz galdezka etorri zaizkiela kontatu zuen Corretgerrek: «Batzuk haserretu dira, baina beste batzuek ulertu dute ez dela gure errua».