Iruñeko bi gizon zigortu dituzte Espainiako bandera zeraman beste bati eraso egiteagatik

Iruñeko epaile batek urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri die; 900 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari. 2022an Hispanitatearen Egunaren aurka egiten ari ziren protesta batera bildu zen gizonezkoa, eta hura «hertsatu» egin zuten.

Aske antolakundeak Hispanitatearen Egunaren aurka 2022an Donostian egin zuen protesta. GORKA RUBIO / FOKU
Aske antolakundeak Hispanitatearen Egunaren aurka 2022an Donostian egin zuen protesta. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2024ko urriaren 21a
17:00
Entzun

Urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri diete Iruñeko bi gizoni, Espainiako bandera zeraman bati eraso egiteagatik. 2022an Hispanitatearen Egunaren aurka egiten ari ziren protesta batera bildu zen gizonezkoa, bandera soinean zeramala, eta hura «hertsatu» egin zutela dio epaiak. 900 euroko kalte ordaina eman beharko diote biktimari, eta ezingo dira harengana 50 metrora edo gutxiagora hurbildu datozen bi urte eta bederatzi hilabeteko tartean.

Duela bi urte urriaren 12aren harira Iruñeko Nabarreria plazan egiten ari ziren protesta batean dago gertakarien jatorria. Espainiako bandera soinean zuela, Indar errepresiboak suntsitu lelopean manifestazioa egiten ari ziren manifestazio batera bildu zen gizona, eta bertan zeudenak oldartu egin zitzaizkion, bere presentziak eragin zien ezinegonaren ondorioz.

Epaiak jasotzen duenez, biktimari ukabilkada bat ematen saiatu zen akusatuetako bat, eta bandera kentzen ahalegindu zen bestea, indarkeria erabilita. Biktimak salatu zuen «umiliatua» sentitu zela horren ondorioz.

Iruñeko Zigor Salako epaileak larrigarri gisa hartu du biktimarekiko diskriminazioa. Izan ere, biktimari bere azal kolorearengatik irainak egin zizkioten, eta «kanpora» joan zedin oihukatu zioten, hark bere herrialdean zegoela esan zien arren. Gizonezkoa jatorri kubatarrekoa da.

Horiek hala, bi akusatuei isuna jarri ordez kartzela zigorra ezartzea erabaki du epaileak. Haren hitzetan, bi gizonek indarkeria erabiliz eragotzi nahi izan zutelako legeak debekatzen ez duen hori, hots, norbere ideian aurkako protesta bat egiten ari diren leku batera biltzea, kasu honetan Espainiako banderarekin. Epaia ez da irmoa, dena den; Iruñeko Probintzia Auzitegian haren aurkako helegitea aurkezteko aukera dute bi gizonezkoek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.