Ostiralean jada zabaldu zen akordioa egina zutela, eta gaur goizean egin dute ofizial EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Aurrekontuak hitzartuta, beste urrats esanguratsu bat egin du Iruñeko udal gobernuak, Iruñeko zentsura mozioaren ostean. «Ez zen horren zaila: desberdinen artean akordioak egiteko gaitasuna behar bezala lantzea, hori bakar-bakarrik behar zen», azaldu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak.
10:00etan sinatu dute akordioa Joseba Asiron Iruñeko alkateak (EH Bildu), Marina Curiel PSNko zinegotziak, Koldo Martinez Geroa Baikoak eta Txema Mauleon Zurekin Nafarroakoak, Iruñeko udaletxean. Pozarren bertaratu dira protagonistak. Agiria sinatuta, udal gobernua osatzen duten hiru alderdietako kideek beren iritzia eman dute; PSNk, berriz, prentsaurrekoa eman du 11:00etan, eta jakinarazi alde bozkatuko duela —ez dira abstenituko, alegia—.
«Ez zen horren zaila: desberdinen artean akordioak egiteko gaitasuna behar bezala lantzea, hori bakar-bakarrik behar zen».JOSEBA ASIRONIruñeko alkatea
Enrique Maiak aurrekontuak luzatuz aurrera egin zuen aurreko bi urteetan, eta, agintean eman zituen zortzi urteetan, praktika hori nagusitu zen, ez zuelako behar bezainbat babes, ez eta akordioak egiteko gaitasunik ere.
Udal gobernu berriak joera politiko horrekin hautsi du, eta badu behar besteko babesa aurrekontuak aurrera ateratzeko. Horregatik, hiru indarrek azpimarratu dute lortu dutela azken urteetako UPNren agintaldiko paralisia amaiaraztea. Asironen arabera, udalbatzaren %60ren babesarekin aterako dira aurrera aurrekontuak. Alta, ez du baztertzen UPNren eta PPren babesa ere lortzea, eta, horretarako, harremanetan jarriko da eskuineko bi alderdiekin.
Geroa Baiko Koldo Martinezen arabera, akordioak lortzea zaila izaten bada ere, oraingo honetan «errazagoa» izan da. «Gogoz geunden, Iruñeak aurrekontuak behar baitzituen. Prest egon gara akordioak egiteko, eta egin ditugu».
Mezu horrekin bat egin arren, Asironek ñabardura bat erantsi dio: «Bulegotik atera eta beste lau ate jo behar badituzu, [prozesua] ez da lasaia inoiz ere. Diferenteak gara, eta bat gatoz gauza askotan. Saiatu gara enpatikoak izaten, eta horri esker, gainditu egin dugu beste testuinguru edo garai baten ezinezkoa izango zen hori». Haren esanetan, laurek «alderdien interesen gainetik jarri dituzte hiriaren interesak».
Akordioaren garrantzia azpimarratu du, halaber, Marina Curiel sozialistak. «Ziur gaude akordio hau mugarri bat dela. Erakusten du ikuspegiak gerturatu daitezkeela arduraz, zintzo eta konpromisoz jokatuz gero». Curielek gaineratu du hiriak aurrekontuak behar zituela, herritarren beharrei erantzun ahal izateko.
Otsailaren 16an egin zuten lehen bilera udal gobernu berria babestu duten lau alderdietako ordezkariek. Negoziazioek bi aste inguru iraun dute. Sozialistek 3,7 milioi euroren zuzenketak txertatu dituzte. Curielen arabera, ekintzailetza, tokiko merkataritza eta emakumeen etxea babesteko neurriak jaso dituzte horietan, baita gazteen aldeko ekinaldiak eta AVT biktimen elkartearentzako diru laguntzak ere.
«Ziur gaude akordio hau mugarri bat dela. Erakusten du ikuspegiak gerturatu daitezkeela arduraz, zintzo eta konpromisoz jokatuz gero».MARINA CURIEL PSNko zinegotzia
Akordioaren arabera, udal gobernuko hiru indarrek eta sozialistek hitzartu dute bakoitzaren zuzenketak onartzea, eta gainerako indarrek aurkeztutakoak ez babestea, betiere aho batez kontrakoa erabakitzen ez bada. PSNk konpromisoa hartu du eskuineko alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketarik ez babesteko.
2007tik izandako handienak
Otsailaren erdialdera aurkeztutako proposamenarekin alderatuta, hiru milioi euro gehiago izango ditu aurten udalak. Guztira, 265 milioi euro izango ditu gastu eta inbertsioetarako. 2007ra atzera egin beharra dago orain onetsitakoa baino aurrekontu handiago bat aurkitzeko, eta, hala, inoiz izan diren aurrekontu handienetan bigarrena izango da.
Inbertsioari dagokionez, 64 milioi euro izango ditu udalak. Otsaileko proposamenarekin alderatuta, aurreikuspenak hobetu egin dira: lehenik eta behin, martxoaren amaierarako 29 milioi euro izango ditu inbertitzeko —iazko konpromisoetarako 10,5 milioi, eta inbertsio berrietarako 18 milioi—, eta maiatzetik aurrera espero du beste 35 milioi euro izatea, lursailen salmentari eta diru soberakinei esker.
Akordioaren sinatzaileek nabarmendu dute aurrekontu «espantsiboak eta sozialak» direla onartutakoak. Gizarte arloan, Txema Mauleonek bi alor nabarmendu nahi ditu. Batetik, Iruñeko Udalak adinekoei eskaintzen dizkien zerbitzuak —batez ere etxeko arreta— sendotuko ditu. Bestetik, gazteentzat eta sendientzat prestatutako programak ere hobetu nahi dituzte.
Auzoei begira, batzuen eta besteen arteko diferentziak murrizteko, azpiegiturak hobetuko dituzte gabeziak dituzten auzoetan. Asironek aipatu du trantsizio ekologikorako eta energetikorako neurriak ere jaso direla. 0 eta 3 urte arteko haur eskoletan, berriz, gestio bateratu baterantz jo nahi dute, aipatu dutenez.
Behin agiria izenpetuta, udal gobernuak datorren astelehenean onartuko du aurrekontuaren proiektua, eta, udal barruko batzordeetatik pasatu ostean, espero da martxoaren 26ko osoko bilkura berezian aurrera ateratzea.
UPNko Cristina Ibarrolak salatu du PSNk Iruñea merke saldu duela. Ibarrolaren arabera, 3,7 milioi euroren zuzenketak hutsaren hurrena dira. «Orrialde zuri bat eskaini genien, eta ez zuten eseri nahi izan. Orain, berriz, orrialde zuri bati baiezkoa emango diote, eta EH Bilduk esandako guztiari ere bai. Hori da oraingo PSN».