Iruñeko alkatetza «ETAko kideei» eman izana egotzi dio Esparzak PSNri

Koldo Martinezek adierazi du Geroa Bai prest dagoela udal gobernuan sartzeko.

(ID_13227436) ESPAÑA PARTIDOS CONSULTAS
Javier Esparza, Madrilen, artxiboko irudi batean. JAVIER LIZON / EFE
aitor biain
2023ko abenduaren 13a
10:00
Entzun

Iruñeko Udalean zentsura mozioa aurkeztuko dutela jakin, eta Javier Esparza UPNko idazkari nagusiak berehala salatu du erabakia sare sozialetan. «Iruñea EH Bilduko terroristei ematea Sanchezi, Txibiteri, Cerdani eta Alzorrizi falta zitzaien azken gauza da. Argi dago PSOEk ETAko kideekin negoziatu duela Nafarroaren etorkizuna». 

Albisteak ekarriko duen soka luzearen lehen puntua baino ez da izan Esparzarena. Izan ere, erreakzioak berehalakoak izaten ari dira, hala Euskal Herrian, nola Espainian. Madrilen, Espainiako Kongresuko sarreran, Alberto Nuñez Feijoo PPko idazkari nagusiak hitz egin du: zentsura mozioa babesteko erabakia «lotsagarria» dela esan du, herritarrei «berriz ere gezurra» esatea egotzi dio PSOEri. «Hau da Espainiako Gobernuko presidente izateko Sanchezek ordaindu duen prezioa: ez da amnistia bakarrik, ETAren oinordeko den alderdi bati hautetsontzietan lortu ez duena ematea da, hau da, Iruñeko alkatetza», adierazi du. 

Koldo Martinezek, Iruñeko Udaleko Geroa Baiko zinegotziak, bestalde, Euskadi Irratian nabarmendu du zentsura mozioa aurkezteko erabakia ez dutela soilik PSNk eta EH Bilduk hartu, Iruñeko Udalean ordezkaritza duten lau talde politikok baizik, «hots, hamasei zinegotziren babesarekin». Ekainean lortu ez zena orain lortu izanaren atzean sozialisten «beldurra» dagoela uste du Martinezek: «Momentu honetan amnistia legearen inguruko eztabaidak zarata handiagoa aterako du Iruñeko alkatetzak baino». 

Ez du aurreratu Geroa Bai udal gobernuan sartuko den edo ez, baina egon nahiko lukeela berretsi du: «Adostu dugun gauza bakarra da Asiron alkate izango dela. Beste guztia adostu gabe dago oraindik. Gu prest gaude udal gobernuan sartzeko, eta uste dugu hoberena izango litzatekeela lau talde aurrerakoiak ordezkatuta egotea».

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak adierazi du zentsura mozioa justifikatuta dagoela, Iruñeko Udala sei hilabetez geldiarazita dagoelako eta Cristina Ibarrola buru duen gobernua ez delako gai izan 2024rako aurrekontuen proiektua «garaiz eta behar bezala» aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.