Iruñeko alkateak konfiantza «osoa» adierazi dio udaltzain buruari

Simon Santamariak hilaren 27an deklaratu beharko du Nafarroako Probintzia Auzitegian, zazpi delitu egotzita

Erredakzioa
Iruñea
2014ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Mehatxuak, hertsatzeak, osotasun moralaren aurkako delitua, langileen eskubideen aurkakoa, biltzeko askatasunaren aurkakoa, lan diskriminazioa eta faltsutzea. Zazpi delitu horiek egotzi dizkiote udaltzain batek eta APM sindikatuak Simon Santamaria Iruñeko udaltzainen buruari. Maria Paz Benito Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaileak deklaratzera deitu du Santamaria, hilaren 27an. Egun horretan eta hurrengoan beste lau udaltzainek ere deklaratu beharko dute, inputatu gisa. Salaketen artean, Santamariari leporatzen diote 2013ko ekainean langileen bi biltzar debekatzea. Salaketa egin duen udaltzainak, era berean, isekak eta mehatxuak jasan zituela nabarmendu du, eta udaltzaingoaren zuzendaritzak testigantza eta froga «faltsuak» zabaldu izan dituela, zigor espedienteak irekitzeko.

Iruñeko alkate Enrique Maiak atzo adierazi zuen «dena» argitzea eta dena «ondo» amaitzea espero duela. «Itxaron egin behar da. Justiziak hartzen duen erabakiarekin fio naiz», gaineratu zuen. Halaber, udaltzaingoaren arduradun guztien jokabidean konfiantza «osoa» duela nabarmendu zuen Maiak. Epaileak Santamaria zigortzen badu kargutik kenduko lukeen galdetuta, alkateak uste du udaltzain buruak berak utziko lukeela orduan kargua. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak Iruñeko Udaltzaingoa defendatu zuen atzo: «Iruñeko alkate izan nintzen hamabi urteetan udaltzaingo osoak izandako jokabide onaren lekuko izan nintzen. Espero dut justiziak argi uztea udaltzaingoaren jokabide on hori».

EH Bildu eta NaBai, kexu

Iruñeko EH Bilduk alkateari eskatu dio Santamaria kargutik kentzeko. Koalizioak, halaber, bozeramaile batzordea biltzeko eskatu du. Gogorarazi du bilkuretan Santamaria kargutik kentzea eskatu izan dutela taldeek. NaBaik alkatea jo du Santamariaren inputazioaren ondorioen erantzuletzat: «Arazo larri hau alkateari dagokio. Guk dakigula ez du erantzukizuna hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.