Iruñeko alkateak kargutik kendu du Simon Santamaria udaltzainburua

Askotan salatu dute udaltzainek beraiek, oposizioko alderdiek eta gizarte eragileek.Zazpi delitu egitea leporatuta, inputatuta dago egun

2010ean Guardia Zibilak saritu egin zuen Santamaria. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Hamabost urtez Iruñeko udaltzainen burua izan ondoren, Simon Santamariak utzi egin beharko du kargua. Hainbat deliturengatik inputatuta izan ostean eta udaleko oposizioko alderdien presioagatik hartu du hura kargugabetzeko erabakia Enrique Maia alkateak (UPN). Alfonso Fernandez izendatu du haren ordez. 56 urte ditu hark, eta 31 urte daramatza Iruñeko udaltzainen taldean lanean.

Gutxienez zazpi deliturengatik dago inputatuta Santamaria: besteak beste, leporatu dizkiote langileen eskubideen eta biltzeko askatasunaren aurkako mehatxuak eta jazarpenak, eta lan diskriminazioa eta iruzurra egitea. Udaltzainen buruan eginiko urteetan, sindikatuek eta udaltzainek beraiek behin baino gehiagotan kritikatu dute haren jarduteko modua. Hain justu, sindikatu batek jarritako salaketa bat dela-eta inputatu dute Santamaria eta, harekin batera, haren gertuko beste lau udaltzain. Apirilean izan zen Maria Paz Benito Iruñeko 3. Instrukzio Auzitegiko epailearen aurrean deklaratzen.

«Militarizazioa»

Iruñeko Udaleko oposizioko alderdiek ere askotan galdegin dute Santamariaren kargugabetzea. Eta gizarte eragileek ere salatu izan dute, udaltzaingoaren militarizazioagatik, euskal nortasunarekin lotura duten ekitaldi eta taldeen aurkako jazarpenagatik edota jarrera xenofoboagatik.

Auzi horretaz gain, beste auzi batean deklaratzera deitu dezakete Santamaria: Ignacio Polo Hiri Segurtasunerako batzordeburu ohiaren auzian. Polok dimisioa eman behar izan zuen udaltzainek mozkortuta autoa gidatzen harrapatu zutela jakin zenean. Isunaren tramitazioan Santamariaren aldetik «faborezko tratua» jaso zuela-eta salatu egin zituzten Polo. Ekainean deklaratu zuen epaitegian.

1998an, Yolanda Barcina alkate zela, iritsi zen udalera Santamaria, eta Maiak kargua berretsi zuen 2011n, oposizioaren iritziaren aurka. Hala izanik ere, alkateak baino ezin du kargugabetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.