Iruñeko Alde Zaharrean ez diete lizentzia gehiago emango etxe turistikoei

Neurri hori indarrean jarriko duen lege egitasmo bat abiatzea adostu dute EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek.

Iruñeko Alde Zaharra, katedraletik ikusita. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iruñeko Alde Zaharra, katedraletik ikusita. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko irailaren 7a
16:15
Entzun

Iruñeko Alde Zaharrean ez diete lizentzia gehiago emango pisu turistikoei. Horixe adostu dute Iruñeko Udaleko hainbat udal taldek: EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek. Neurri hori indarrean jarriko duen lege egitasmo bat adostu dute lau alderdi politikoek; gehiengoa dute. «Egokitzapen urbanistiko prebentibo bat» adostu dute, helburu hauek betetzeko: auzoko bizi ereduari eustea, auzoko merkataritza defendatzea eta turismo jasangarriaren alde egitea.

Izan ere, lege egitasmoa martxan jartzea adostu dutenek «prebentzio lana» egin dute: «Pisu turistikoek etxebizitza iraunkorrak ordezkatzeak zera eragin dezake, bizilagunak auzotik kanporatzea». Gaur egun, Alde Zaharrean 186 etxe turistiko daude: auzoko etxeen %2,8 eta Iruñeko etxe turistikoen %55. Bost urtean 90 ireki dituzte, eta beste 21 irekitzeko baimena eskatua dute.

«Turismo jasangarriaren alde egingo dugu, Alde Zaharrean apartamentu turistikoen kontzentrazioa handiegia delako gaur egun. Bestalde, Alde Zaharra zaintzeko apustua egingo dugu, eta horrek berekin dakar alokairuko etxebizitzen prezioak kontrolatzea eta bertako merkatarien alde egitea. Neurri batean, hori kolokan zegoen apartamentu turistikoak zabaltzearen ondorioz», azaldu Joxe Abaurreak, Iruñeko Udaleko Turismo zinegotziak.

Zenbait lege aldaketa egingo dituzte lege egitasmoaren bidez, ezarritako helburuak betetzeko. Etzi onartuko dute lege egitasmoa, eta espero dute neurria urtea amaitu baino lehen jartzea indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.