14 urteko neska iruindar bat hil zen atzo arratsaldean Eretan (Biarno, Okzitania), Pirinioetan amilduta. Adingabea gurasoekin zen oporretan, eta aitarekin batera atera zen mendi ibilaldi bat egitera, baina, pasabide estu batean labaindu, oreka galdu, eta ehun metrotik behera erori zen.
Ezbeharra 16:00 aldera gertatu zen, Ereta eta Lourdios-Ichere herrien arteko eremuan. «Harrizko irtengune batetik amildu eta ehun metroko maldan behera irristatu zen», azaldu zuen Eretako auzapez Pierre Casabonnek. Alkatearen esanetan, neskaren aitak eman zien abisu larrialdi zerbitzuei istripuaren ostean. Mendi erreskateko taldeek helikoptero bat erabili behar izan zuten adingabea zegoen tokiraino iritsi ahal izateko. 19:30ean topatu zuen neskaren gorpua. Paueko prefeturak ikerketa zabaldu du.