Iruñeko Aberri Eguna mugarri izatea nahi du Independentistak sareak

Igandeko ospakizunak «jendetsua» eta «esanguratsua» izan behar duela diote antolatzaileek

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
«Orain arte era abstraktuan hitz egin dugu independentziaz, kasik utopia bat balitz bezala, baina etorkizunaz hitz egitean, ezinbesteko bilakatu da jadanik independentziaren aukera kontuan hartzea». Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kidearen hitzak dira. «Euskal estatuaren ordua heldu da», adierazi du. Igandean Iruñean ospatuko den Aberri Eguneko egitarauaren aurkezpenean egin ditu adierazpenok. Hain zuzen ere, igandekoak mugarri izan behar lukeela uste du Ariznabarretak, eta Nafarroako hiriburura joatera animatu ditu independentziaren aldeko guztiak. «Erakutsi behar da hemen bizirik dagoen herri bat dagoela. Komunitate osoak hartu behar du parte. Jendetsua izan behar du egunak, baina baita esanguratsua ere. Heldu da 500 urte igaro eta gero gure estatua berreskuratzen hasteko garaia».

Azken hilabeteetan irekitzen ari den aro politiko berriak «ilusio handia» piztu du Independentistak sareko kidearen ustez, eta independentisten arteko elkarlanerako baldintzak ezarri ditu. Horregatik, sareko kide direnez gain, saretik kanpo egon arren, independentista guztiak deitu ditu Iruñera. «Mundu oso bat nahi dugu Iruñean». Izan ere, han egingo da ospakizun nagusia, baina munduko beste txoko batzuetan ere egingo dira ekitaldiak. Buenos Airesen, Edinburgon, Montevideon, Londresen, El Salvadorren eta Melbournen ere (Australia) ospatuko dute Aberri Eguna, esaterako.

Igandean, eguerdian abiatuko da Iruñean manifestazioa, Golem zinema aretoetatik, eta zerbait berde janzteko deia egin dute antolatzaileek. Sare sozialetan independentziaren aldeko lana indartzeko deia ere egin diete Interneten erabiltzaileei, eta bi etiketa proposatu dituzte horretarako: #independentzia eta #aberrieguna2012.

Aberri Eguneko ekitaldi nagusia 13:00etan izango da, Sarasate pasealekuan, eta festa egitaraua izango da gero. Independentistak sareko kideek azaldutakoaren arabera, uztartu egin nahi izan dituzte festa eta aldarrikapena, eta, horregatik, bazkaria eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Bi urteurren izango dira igandeko ospakizunaren ardatza, antolatzaileen hitzetan: Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena, eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena.

Ahots propioaren beharraz

Europan ahots propioa izatearen beharra azpimarratu du Independentistak sareak. «Eta horretarako estatu bat izan behar da». Krisi ekonomikoak indartu egin omen ditu independentziaren aldeko arrazoiak, gainera. «Ez dugu tresnarik gure eskutan arazo ekonomiko eta sozialei aurre egin ahal izateko. Kanpotik inposatu zaizkigu erabaki ekonomiko eta sozialak, eta hemen sufritu egin ditugu». Horregatik, independentzia da Euskal Herriarentzako «aukerarik onena».

Europan ere independentziaren aldarrikapena sendotuz doala uste du Ariznabarretak. Eskozia, Groenlandia, Flandria eta Faroe irlak dira horren adibide, Independentistak sareko kidearen esanetan. «Independentziaren bidean jarri dira dagoeneko, etorkizunerako aukerarik onena dela erabaki dutelako». Gainera, Irakaspen bat bada esperientzia horien atzean, Ariznabarretaren ustez: «Europan bertan eta gaur egun independentzia bideragarria da; komeni zaigu eta beharrezkoa da gure etorkizuna eraikitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.