Irungo Udalak ere (Gipuzkoa) tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari. Udalbatzak gaur onartu du eskaera egitea, udalerriak bere osotasunean baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren. Dokumentazioa eta eskea igorrita, izendapena «ahalik eta lasterren» lortzea espero du udalak. Errenteriarekin batera —hil hasieran izendatu zuten— (Gipuzkoa), eskaera egiten duen Hego Euskal Herriko bigarren udalerria da.
Cristina Laborda Irungo alkateak gaur eman ditu azalpenak prentsaurreko batean. Esplikatu du udalaren aitortza bat dakarrela udalerria tentsio handiko eremu izendatzeko eskeak, esan nahi baitu herritarrek etxea eskuratzeko dituzten «arazo larrien» jakitun dela. «Eta Irunek egindako diagnostikoak berretsi eta agerian uzten du hori», adierazi du.
Izan ere, memoria txosten horren arabera, izendapena lortzeko legeak ezarritako bi baldintzak betetzen ditu Irunek. Batetik, alokairuak %17 garestitua izan behar du izendapena lortu aurreko bost urteetan, eta Irunen %18,5 egin du gora, alkatearen hitzetan. Eta, bestetik, alokairuaren eta etxeko oinarrizko horniduren gastua (ura, argindarra, etxepeko gastuak...) gutxienez etxeko diru sarreren %30 baino handiagoa izan behar da; Irunen, %32 da. «Diagnostikoak berretsi du Irunek, bere osotasunean, bi baldintzak betetzen dituela», adierazi du.
Labordak azaldu du «funtsezkoa» dela udalaren ahaleginak etxebizitza politiketara bideratzea, Irungo herritarrek aukera izan dezaten beren bizi proiektuak herrian bertan abian jartzeko. Eta adierazi du izendapena «ahalik eta lasterren» lortzea nahiko lukeela, nahiz eta hilabete batzuk behar diren oraindik. Hain zuzen ere, eskariarekin batera, Etxebizitza Plana ere aurkeztu du udalak, eta bertan babes ofizialeko 1.000 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da.
Jaurlaritza, aztertzen
Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak baieztatu ditu jaso duela Irungo Udalaren eskea eta beharrezko dokumentazioa, eta adierazi du proposamena aztertzen hasiak direla. Izan ere, Jaurlaritzak hiru hilabeteko tartea badu ere, Itxasok nabarmendu du bi instituzioen arteko «harreman onak» aukera» eman diela aldez aurretik aztertzen hasteko.
Halaber, Itxasok adierazi du Irungo Udalak «erantzukizunez» jokatu duela, hiria tentsio handiko eremu izendatzeko eskatzerakoan. Eta babesa eskaini dio abiatu berri duten bide honetan.
TENTSIO HANDIKO EREMU IZENDATZEAK MAIZTERRENTZAT DAKARTZAN ABANTAILAK:
Kontratua hiru urtez luzatzeko aukera emango du, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan.
Kontratu berriak ezingo du gainditu azken kontratuaren errenta. Errentak soilik %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo hobekuntzak egiten badira, hala nola etxea eraberritu, energia eraginkortasuna handitu edo irisgarritasuna hobetu.
Azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxeak alokatzeko prezioa mugatu egingo da. Gehienezko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.
Alokatuko den etxearen jabea jabe handia bada —bost etxebizitza edo gehiago baditu—, prezioari aplika dakiokeen gehienezko muga ere erreferentziako prezioen indizeen sistemaren arabera zehaztuko da.