Iruñean ospatuko dute Aberri Eguna Independentistek, martxoaren 31n

Krisia gainditu eta «etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko» bidea euskal estatua dela aldarrikatuko dute

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal estatua «inoiz baino beharrezkoagoa» dela eta euskal herritarrentzat «etorkizunerako aukerarik onena» dela sinetsita dago Independentistak Sarea. «Premia» ere badela dio sareak, eta, beraz, independentziarako bidean urratsak egin nahi ditu. Horretarako baliatuko du aurtengo Aberri Eguna. «Euskal independentista guztiak elkarturik, gure nahia eta indarra erakusteko». Iruñean ospatuko du martxoaren 31n «Euskal Herriaren eguna, independentziaren eguna».

Azken urteetan egoera ekonomikoa etengabe okerrera egiten ari dela ohartarazi dute Txutxi Ariznabarretak eta Itziar Ituñok Independentistak Sarearen izenean. Euskal gizartea gogor nozitzen ari dela ondorioak eta norabidez aldatu ezean okerrera egiten segituko duela. Horrek euskal herritarrak bere buruaren jabe izateko oinarriei kalte egiten diela adierazi dute.

Eta independentziaren beharra mahai gainean jartzen denean erantzun bakartzat ezezkoa jasotzen dela salatu dute: ez dela halakoak planteatzeko unea erantzuten dela; lehentasuna krisiari irtenbideak bilatzea dela esan ohi dela, eta egoera ekonomikoa konpondu ondoren izango dela halako gai politikoez hitz egiteko denbora.

Baina ohartarazi dute euskal herritarrek egoerari aurre egiteko ezintasuna dutela. «Eskuak lotuak ditugu, eta itota sentitzen gara krisialdi erraldoiaren erdian».

Krisitik ateratzeko baliabidea

«Espainiako eta Frantziako estatuek, gure beharrak eta interesak kontuan hartu gabe, inposatzen dizkiguten neurrien menpe gaude, eta etorkizuna gero eta ilunago ikusten dugu», salatu dute Txutxi Ariznabarretak eta Itziar Ituiñok. «Ez dugu eskumenik krisialditik irteteko neurriak erabakitzeko, ezta gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko apustu estrategikoak egiteko ere».

Hortaz, independentziarako bidean urratsak egiteko unea dela dio sareak. Izan ere, haren ustez, euskal estatuaren eraikuntza bera da krisialditik atera eta euskal herritarren etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko tresnak eskaintzen dituen «alternatiba bakarra». Hain zuzen, independentziaren aldeko hautua egiteko arrazoi nagusien artean ditu argudio ekonomiko eta sozialak.

Ikerketa zientifikoen babesa

Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateak egin berri duen ikerketa zientifiko batek arrazoi eman diela gogorarazi du Ariznabarretak. Independentziak herritarrei onurak ekarriko lizkiekeela ebatzi duela. Madrilgo unibertsitateak Okzitania, Errusia eta Amerikako Estatu Batuetako ekonomilarien lankidetzarekin egindako tesi batek ondorioztatu duenez, «arrazoi demografiko, kultural eta ekonomikoak kontuan hartuta, Euskal Herriari independentzia komeni zaio». Euskal Herriari bezala, Eskoziari ere komeni zaio independentzia, ikerketa horren arabera.

Horiek horrela, gaiaren inguruko «hausnarketa sakona» egin nahi dute Independentistek. Eragile politiko, ekonomiko eta sozialei, zein gizarteari oro har, egoera sozioekonomikoari, etorkizunari eta independentziari buruz hausnartzeko gonbita egin diete. Horixe sustatuko dute Aberri Egunetik aurrera.

Eztabaida mahai gainean jarri, eta «jendartearen oinarrian» zabaltzen saiatuko da. «Gure herriaren etorkizunari buruz ari gara, eta guztiz beharrezkoa da ahalik eta herritar gehienek parte hartzea eztabaidan, gure geroa denon artean aztertu eta aukeratu dezagun, eta urrats eraginkorrak egiten has gaitezen», azaldu dute egitasmoaren zergatia sustatzaileek.

Aberri Egunari berari dagokionez ere, jende asko eta askotarikoa bildu nahi du Independentistak Sareak. «Aberri Egun zabal, pural eta parte hartzailea antolatu nahi dugu, euskal independentista guztiok elkarturik, gure nahia eta indarra erakusteko», azaldu dute Ariznabarretak eta Ituñok.

Herritarrei Iruñean egingo diren mobilizazioan eta ekitaldian parte hartzeko deia egin diete, «sufritzen ari garen egoera ekonomiko eta sozial larriaren aurrean inoiz baino indartsuago gure etorkizuna defendatzeko». Hortaz, eguna «sigletatik haratagokoa» izango dela azaldu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.