Bigarren urte politikoan, EH Bilduk Iruñea «bidezko, orekatu eta plural baten oinarriak» ezarri nahi ditu. Egun, Iruñeko Udala EH Bilduk, Aranzadik eta Ezkerrak osatzen dute, eta Geroa Baik kanpotik babesten du. Atzo, EH Bilduko Iban Maiak, Dani Saralegik eta Maider Beloki kultura zinegotziak prentsaurrekoan nabarmendu zuten elkarbizitza eta justizia soziala izango dituztela lehentasun. Iban Maiak aipatu zuen alde batetik ezberdintasun sozialak murriztea bilatuko dutela, «iruindar guztien ongizatea eta aukera berdintasuna indartuz». Bestetik, «errespetuan, aniztasunean eta memoriaren aitortzan oinarritutako» elkarbizitza marko bat eratzeko lan egingo dute.
Gainera, «ezinbesteko» ikusten dute hiriaren eraldaketa kulturalaren alde egitea, eta, horretarako, berrikuntza sozial, kultural eta teknologikoa ardatz izango dituzten estrategiak garatuko dituzte. «Kalitatezko kultura ireki baten alde egin behar dugu, esperimentazioa, kolaborazioa eta sormena bultzatuz». Hori guztia, era berean, auzoekin eta hiriko mugimendu sozialekin elkarlanean egingo dute.
Nafarroako Gobernuari gertatu bezala, lehen 15 hilabeteotan eskuin mediatikoaren kritika gogorrak jaso ditu Iruñeko Udalak: «Zalantzarik ez da oztopoak izanen direla», adierazi zuen atzo EH Bilduko Iban Maiak. Oztopoak oztopo, koalizioak atzean utzi nahi ditu UPNren urteak. «Aniztasunaren ukazioa, xahutze ekonomikoa, desoreka sozial izugarriak markatutako aro luze batetik gatoz, eta oraindik ere arrastoak badira nonahi. Poliki-poliki garai horiek gaindituz joan beharko dugu», adierazi zuen Iban Maiak.
Lan ildo garrantzitsuen artean aipatu dituzte ekonomia eta justizia soziala, tokiko merkataritza, memoria eta elkarbizitza, mugikortasun iraunkorra eta kultura. Helburu nagusiok gauzatzeko hainbat egitasmo dituzte esku artean. Adibidez, autobus geltoki zaharra eraberritzeko Geltoki proiektua dago. Egun, haurrentzako jolasgune bat du eraikin zaharrak, baina, horrekin batera, ekonomia soziala eta kultur jarduerak bultzatu nahi dituzte, eta hirirako beste energia eredu eraginkorrago bat egiteko proiektua ere jasoko du. 800.000 euro inbertituko ditu udalak.
Beste bi egitasmo garrantzitsu aurkeztu dituzte azken bi asteetan. UPNren garaian, auzoen arteko garapen desorekatua bultzatu zen. Desberdintasunok murrizteko, bi milioi euro inbertituko dira auzoetan, 40 ekintzaren bitartez. Hala, UPNk auzoetan egindako inbertsioa laukoiztuko luke egungo udalak. Mugikortasun plana ere asteon aurkeztu du : 30 kilometro bidegorri egin nahi ditu Iruñeko Udalak agintaldi honetan, eta 2019rako lau milioi euro inbertitzea aurreikusi du.
Herritarrei deia
Udal gobernuko bazkideen artean ere badira eztabaidak eta desadostasunak. Asteon, Aranzadik planteatu du udaltzain kopurua murriztu behar dela. Saralegik atzo aipatu zuen auzia udal poliziaren ereduari buruzkoa dela udaltzain kopurua baino gehiago.
Auzi horiei eta etorkizuneko Iruñeari buruz gogoeta egiteko, EH Bilduk hiri bilgunea antolatu du asteartean, 19:00etan, Kaldereria kaleko udal aretoan. Bertan parte hartzera dei egin die herritar guztiei. EH Bilduko Iruñeko zinegotziak egongo dira bertan.
Iruñean justizia soziala eta elkarbizitza bultzatzea ditu lehentasun EH Bilduk
Lan ildo nagusien artean, Geltoki proiektua, mugikortasun plana eta auzoetarako egitasmoa dago. Hiri bilgunea antolatu dute asteartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu