Iruñean hildako etxegabearen kasua salatu dute gizarte eragileek

Gizarte Erakundeen Plataformak «konpromisoa» eskatu du, «ahulenak babesteko». Duela bi aste, etxegabeentzako aterpea itxi zuen udalak

Nafarroako Gizarte Elkarteen Plataformak Iruñeko Geltoki espazioan eginiko agerraldia. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Astelehen iluntzean, kalean lo egin ohi zuen 44 urteko gizonezko bat hilotz topatu zuten Iruñean, Arrotxapea auzoko Plazaolaren tunelean. Udaltzaingoaren esanetan, gorpuak ez zuen indarkeria zantzurik, eta autopsiaren zain dira orain. Nafarroako zenbait gizarte eragilerentzat, ordea, heriotza horrek agerian utzi ditu «erakundeen lanaren eta gizartearen beraren gabeziak». Martxoaren 31n, Jesus eta Mariaren aterpetxea ixtea erabaki zuen Iruñeko Udalak, hotzaren aurkako protokoloa bukatutzat emanda.

Ikusi gehiago: «Hil den gizon horren baldintza bertsuetan bizi dira beste asko ere Nafarroan»

Auziaz hitz egin zuen atzo Nafarroako Gizarte Erakundeen Plataformako ordezkari Mariluz Sanz Escuderok. «Pertsona bat hil zen atzo Iruñean, eta jendeak normaltzat jo zuen, ez ikusiarena egin zuten», esan zuen. «Gertatutakoak zer pentsatua eman behar liguke. Gogoeta falta da erakunde publikoetan, baina baita gizartean ere, oro har. Hau normalizatzen duen gizarte batek asko du hobetzeko».

Atzoko agerraldian, plataformako kideek «konpromisoa» eskatu zieten talde politikoei, hauteskundeen ostean hasiko den legealdian «politika publikoak gara ditzaten ahulenen egoera hobetzeko eta gizarte desberdintasunak ezabatzeko». Konpromiso horiek zurian beltz nahi dituzte, gainera: alderdiei eskatu diete horiek denak idatziz jasotzeko, bai hauteskunde programetan, bai bozen osteko gobernu itunetan eta taldeen arteko akordioetan.

Plataforman bilduta daude Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea, Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Aurkako Nafarroako Sarea, Cermin elbarritasunen bat dutenen Nafarroako batzordea eta REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sarea. Erakunde horien irudiko, eragile politikoak «zorretan» daude gizartearekin eta, bereziki, zaurgarriak direnekin.

«Baliabideak behar dira»

Gizarte Erakundeen Plataforma ez da hildako etxegabearen kasua salatu duen eragile bakarra. Paris 365 elkarteko gizarte langile Ione Arnedok Euskalerria Irratian esan du erakundeek bitarteko gehiago jarri beharko lituzketela «jendea kale gorrian hil ez dadin». Hain zuzen, apirilaren 4an, Iruñeko zortzi elkartek protesta egin zuten Udaletxe plazan, salatzeko Iruñeko Udalak itxi egin duela etxegabeentzako udal aterpetxeetako bat, Donejakue bideko erromesei tokia egiteko. LAB sindikatuak ere udalaren erabakia kritikatu zuen atzo: «Urtero bezala, azpiegiturak turismoaren zerbitzura jartzea erabaki dute; etxerik ez duten pertsonak, aldiz, bizitza galtzeko arriskuan jarri dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.