Iruñean gertatutako eraso homofobo bat salatu du EHGAMek

'Cruising' gune batean zeudenetako bati oldartu zitzaion gizonezko talde bat: irain egin zioten, eta autoan segika ibili.

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean Gasteizen egindako manifestazioa, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean Gasteizen egindako manifestazioa, iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko azaroaren 21a
10:50
Entzun

Eraso homofobo baten berri eman du Nafarroako EHGAMek. Salatu dutenez, azaroaren 8an, zenbait gizonezko gazte Iruñeko cruising gune batera joan ziren, eta han zeudenei oldartu. Zehazki, gune hartan zeudenetako bati irainka hasi zitzaizkion, eta, horren ostean, haren atzetik ibili ziren autoan segika.

«Indarkeriazko jokabide» hori txarretsi du EHGAMek, eta gaineratu du ez dela cruising guneetan gertatzen den lehen erasoa: «Etenik gabe gertatzen dira halako erasoak, eta era askotakoak izan ohi dira: mehatxuak, irainak, jazarpena, eta baita eraso fisikoak ere».

Halakoak ikusirik, elkarteak adierazi du konponbidea ez dela «plazerari edo espazio publikoen homosozializazioari» uko egitea: «Aitzitik, arreta jarri nahi dugu LGTBIAQ+fobian, disidentzia afektibo-sexualaren aurka egiten den horretan, gure espazioetan ere sartzen baita, gure komunitatea bortxatzeko asmoa erakutsiz».

Horregatik, gisa horretako erasoak sufritu dituzten guztiei elkartasuna adierazi die EHGAMek, «baita maitasuna, elkarrenganako laguntza eta salaketa soziala ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.