Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, asteon kartzelara itzularazi dute Iñigo Gutierrez Algortako (Bizkaia) euskal presoa. Izadi umearen aita da Gutierrez —Maria Lizarraga Burlatako (Nafarroa) euskal presoa da haurraren ama—, eta, umeak hiru urte betetzearekin batera, hirugarren graduan jarri zuten. Bigarren graduan jarri du auzitegiak atzera, ordea, eta, horren ondorioz, Zaballako kartzelara itzuli behar izan du (Araba). Ezinen du, beraz, umearen kargu egin.
Gradu aldaketa salatzeko, elkarretaratzera deitua zuten lehendik Algortan, ortziralerako, eta, Sarek jakinarazi duenez, Iruñean eta Burlatan ere eginen dituzte kontzentrazioak. Iruñekoa 18:30ean izanen da, Merindadeen plazan, eta Burlatakoa 19:30ean, Askas plazan. Etxerako bidean oztoporik ez lelopean eginen dituzte mobilizazio guziak.
Aitzinetik, bertze bi euskal presori ere gertatu zaie hirugarren gradutik bigarrenera itzularaztea: Jon Crespori eta Unai Fanori, hain zuzen. Kalera atera ondotik, kartzelan dauzkate biak, berriro ere.