Zeladoreek besoetan daramatzate pazienteak, Vianako Printzea espezialitate zentroko eskaileretan behera. Argindarra etenda, ilunpean geratu da egoitza une batez, eta igogailuek ez dute funtzionatzen. Beheko solairuan, zain dituzte gurpil aulkiak. «Nik hementxe utziko zaitut, Martin», esan dio zeladoreak pazienteetako bati: «Gora itzuli behar dut, zain dauzkadalako beste pertsona batzuk». Gizona han utzita, eskaileretan gora desagertu da langilea, lasterka. Erizain bat kolpeka ari da igogailuen ateetan: «Ba al norbait hor?». Ziurtatzen ari da inor ez dela harrapatuta gelditu. Ez du erantzunik jaso. Jendea urduri dago osasun zentroaren atarian. «Entzun dut Europa osoan antzera dabiltzala», esan dio gizon batek emazteari.
Kaosa nagusi izan da zenbait minutuz Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko eraikin guztietan. Argindarra eten ostean, bertan behera utzi behar izan dituzte zenbait zerbitzu, ospitaleak duen energia sistema propioa martxan jarri den arte. Hamabost bat minutu iraun du itzalaldiak han. Ospitalearen kanpoaldean, kamioi zisterna bat hasia da biltegietara gasoila punpatzen, erregai horrekin funtzionatzen baitute larrialdiko argindar sorgailuek. Horiek piztuta, abian ziren ebakuntzak eta bestelako prozedurak amaitu ahal izan dituzte. Fernando Dominguez Osasun kontseilariak adierazi du premiazkoak ez diren ebakuntza guztiak bertan behera utzi dituztela, «energia aurrezte aldera». Hala ere, oinarrizko zerbitzu guztiak «une oro bermatuta» izan direla nabarmendu du Dominguezek; besteak beste, sukaldea eta kontsulta gehienak.
Ospitalerako sarbidean, sirena hotsak eta klaxonak aditzen dira. Semaforoak itzalita, auto ilara luzeak pilatu dira hiriko errepide eta lotune nagusietan: Pio XII.aren etorbidean, Baiona etorbidean, Bakearen plazan, Nafarroa Behereko etorbidean... Horietan denetan, udaltzainek gogotik egin behar izan dute lan trafikoa kudeatzeko. Tren zerbitzua ere etenda egon da 12:30etik aurrera.
Nafarroako Gobernuak larrialdi plana aktibatu eta krisi kabinetea bildu du, egoera aztertzeko. Datuak Prozesatzeko Zentroa eta Nafarroako Telekomunikazio Zentroa era autonomoan aritu dira lanean, talde elektrogeno propioak baitituzte. Larrialdi zerbitzuek ere argindar sorgailu propioak erabili dituzte, zerbitzua bermatu ahal izateko. Horrelaxe aritu dira lanean SOS Nafarroa eta Foruzaingoaren aginte eta kontrol zentroa. «Halako egoera batean ezbeharrak edo larrialdiak gerta daitezkeela pentsatuta, agente guztiak lanean jarri dituzte, baita lanaldia amaitua zutenak ere», azaldu dio BERRIAri Foruzaingoko iturri batek.
Lantegiak itxita
Saltokietan eta lantegietan, berriz, egoera oso bestelakoa izan da. Argindarrik gabe, langileak etxera bidali dituzte zenbait enpresatan. Volkswagenen Landabengo lantegian, adibidez, goizeko lan txandaren bukaeran joan da argindarra, eta behargin askok ezin izan dute lanik egin. Arratsaldeko txandaren hasieran ere nabaritu dute itzalaldia.
Saltoki txikiak ere itxita izan dira eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduetan. Supermerkatu eta elikagai dendetan nabaritu dute, batez ere, elektrizitate bidezko gailu guztiek huts egin baitute: ate automatikoak eta txartel bidez ordaintzeko datafonoak, esaterako. «Ezin dugu ezer egin», esan du Jessica Rodriguezek, Iturrama auzoko Eroskiko kutxazainak. Espaloian eserita daude langileetako batzuk, argia noiz bueltatuko. «Ezin dugu kobrantzarik egin, makinek ez dutelako funtzionatzen. Bezero batzuek erosketa egina zuten, baina hemen utzi behar izan dute».
Rural Kutxako, La Caixako eta Laboral Kutxako egoitzetako pertsianak ere jaitsi dituzte, edozein operazio egitea ezinezkoa izan baita 12:30etik aurrera. Handik bi ordura, ohiko erritmoa berreskuratzen hasi da hiria: Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi du semaforo sarea martxan dela berriro; okindegiek labeak piztu dituzte, eta berehala hasi dira ordura arte hutsik izan diren apalak ogi barraz betetzen; supermerkatuen eta aurrezki kutxen aurrean pilatutako jende ilarak pixkanaka joan dira deseginez, eta poliki-poliki ohiko bizimoduan hasi da hiria.