Irune Costumeroren auzian, errugabetu egin dituzte aldundiko lau langileak

Epaileen ustez, akusazioek ez dute delitu izaerarik. Sergio Murillo diputatua izan da auzipetuetako bat; bost urteko kartzelaldia eskatua zuten haren kontra

Irune Costumero, ekainean, auzitegiaren atarian, epaiketara sartu aurretik. LUIS TEJIDO / EFE.
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Irune Costumeroren alabaren zaintzaren inguruko auzibidean, errugabetu egin dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzan umeen eta nerabeen babeserako zerbitzuan diharduten lau funtzionarioak. Ekainean epaitu zituzten, Bizkaiko Probintzia Auzitegian, hiru delitu leporatuta: prebarikazio administratiboa, haurraren aurkako tratu txarrak eta lesio psikikoak. Costumerok jarritako salaketa batean oinarritu da auzia: 2017an alabaren zaintza kendu zioten GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua argudio hartuta. Lau auzipetuetako bat Sergio Murillo da, egun aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua; jada inputatua zela izendatu zuten kargu horretarako. Beste hirurak diputazioko haurren arretarako hiru langile dira.

Akusazioak bost urteko espetxe zigorra eskatu zuen lau auzipetuentzat, eta hamabost urteko inhabilitazioa enplegu publikorako. Epaileek, ordea, ezeztatu egin dituzte akusazioaren tesiak, eta bat egin dute fiskalarekin eta defentsarekin. Epaiaren arabera, akusazioak azaldu dituen egitateak «ezin dira hartu prebarikazio administratibo delitutzat», eta beste bi delituak «egiaztatzeko ez da nahikoa frogarik aurkeztu». Hartara, lau akusatuak ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundia ere absolbitu egin dute arduradun zibil subsidiario gisa.

Sintomatologiak eraginda

Epaiketan zeresan handia eman zuen GASaren erabilerak—fiskalak baieztatu zuen sindrome faltsu hori «existitzen» dela—; diputazioaren txostenetan termino hori erabiltzearen inguruan, epaiak dio agiriak ez zirela ari «sindrome batez, baizik eta adingabeari gurasoekiko harremanetan antzemandako sintomatologia batez, eragin zuena haietako baten aurka posizionatzea kausa justifikaturik gabe». Costumerok salaketa jarria zion haurraren aitari genero indarkeriagatik, baina artxibatu egin zuten.

Costumerori alabaren zaintza kendu zion erabakiaz ere mintzatu da epaia: «Ez zen apetazkoa izan». Berretsi du erabaki haren oinarrian hainbat txosten tekniko zeudela, haurraren «babesgabetasun larrirako arriskuaz» ohartarazi zutenak, 2013tik aita-amek «arazoak» baitzituzten zaintza partekatuko erregimena betetzeko. Halere, epaiak dio adingabearen zaintzari buruzko erabakia hartu zutenak ez zirela jardun «injustiziaren jakinaren gainean». Beraz, ondorioztatu du prebarikaziorik ez zela izan funtzionarioen lanean.

Neskatoaren aurkako tratu txar eta lesio psikikoen delituei dagokienez, epaiak ez ditu frogatutzat eman. Ama-alabak banandu zituztenekoak dira akusazio horiek; Costumerok salatu zuen «bortxaz» eraman zutela adingabea —Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen—, eta «besotik gogor heldu» ziotela umeari, baina, auzitegiaren aburuz, «han zeudenek ez dute halako jardun neurrigaberik egiaztatu». Epaiketan aurkeztutako audio batean umearen oihuak entzun ahal izan ziren, baina epaiak dio froga horrek ere ez dituela amaren «baieztapenak egiaztatzen». Izatez, epaileek aitortu dute audioan «zirrara eta tentsio handiak» antzeman daitezkeela, baina «egoera emozional hori hainbat kausaren» ondorio izan daitekeela.

Halaber, epaiak ez du frogatutzat eman ama-alaben «sufrimendu psikologikoa akusatuen jardunari» egotzi dakiokeenik. Epaileek aipatu dute izatez «min psikikoa objektibatuko duen tratamendu mediko» bat behar dela lesio psikikoekin lotutako deliturik izan den ebazteko; hala, auzitan jarri dute ama-alaben tratamendu psikologikoa «zuzenean [epaitutako] egitateekin lotuta» egotea.

NBE, kezkatuta

Irune Costumeroren auziak oihartzun handia izan du. Gero eta erakunde gehiagok emakumeen aurkako indarkeria instituzional gisa hartzen dute GASaren erabilera —Espainiako Gobernuak berariaz debekatu berri du Haurren Babeserako Legean—, eta bortxa horren sinbolo bihurtu da kasua. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere kezka adierazi zuen auziaren harira. Izatez, horko errelatore Dubravka Simonovicek eta Elizabeth Broderickek azalpenak eskatu zizkioten Espainiako Estatuari gutun baten bidez: nazioarteko araudiak betetzea galdegin zioten «biktimei urratzen ari zaizkien eskubideak betearazteko», eta Costumeroren eta haren alabaren «osotasun fisiko eta psikikoarekiko kezka sakona» agertu zuten.

Indarrean den legearen «diskriminaziozko interpretazioaz» artega, justiziaren eta gizarte langileen erabakiak «genero aurreiritzi eta estereotipoetan» oinarrituta daudela ere adierazi zuten errelatoreek. GASa andreen aurka erabiltzea ere gaitzetsi zuten: «Kezkagarria da zenbait auzitegik haurren testigantzari sinesgarritasunik ez ematea, amak salatzen dituenean aitak eragindako tratu txarrak». Erantsi zuten ez dela neurri berean jokatzen gizonekin eta emakumeekin: «Maiztasunez ematen zaizkie bisitak aitei, indarkeria matxista eragin izanaren frogak daudenean ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.