korrika

Irundik Baionara egingo dute 23. Korrika, martxoaren 14tik 24ra

Datorren urteko Korrikaren berri emateko agerraldia egin dute. Harro herri' izango da leloa, eta euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharra nabarmendu dute. Spota ikusgai dago jada

Korrika
23. Korrikaren aurkezpena, atzo, Donostiako San Telmo museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko azaroaren 17a
15:09
Entzun

Tipi-tapa tipi-tapa, badator Korrika. 23. Korrikak baditu irteera eta helmuga, data, leloa eta omendua. Hain zuzen, atzo goizean aurkeztu zituzten datorren urteko Korrikaren xehetasun batzuk Korrikaren arduradun Ane Elordik eta AEKren Artezkaritza Kontseiluko lehendakari Aitziber Balantzategik, Donostiako San Telmo museoan egin zuten agerraldian. Argazki jendetsua ere atera zuten euskalgintzako eragileetako dozenaka ordezkarik, «euskal komunitatearen indarra eta harrotasuna erakusteko», baita spot bat kaleratu ere, AEKren Youtubeko kanalean ikusgai dagoena. Halaber, sakelakorako aplikazio bat ere ondu dute.

Oraindik ez dute jakinarazi ibilbide osoa, baina jada aurreratu dute abiapuntua eta helmuga non izango dituen: Irunen (Gipuzkoa) abiatuko da euskararen aldeko egitasmoa, datorren urteko martxoaren 14an, eta Baionan amaitu, hamar gau eta 11 egun geroago: martxoaren 24an, hain zuzen ere. Halaber, jakinarazi dutenez, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurtzearekin batera, egun osoko jaia izango da Baionan, bertaratzen direnentzat.

Leloaren eta omenduaren berri ere eman dute. Harro herri da datorren aldirako aukeratu duten leloa. Baina zergatik? Hala azaldu du Balantzategik aurkezpen ekitaldian: «Harrotasunez aldarrikatu nahi dugu bagarela eta izango garela, inori baimenik eskatu barik, epaiketa politikoen gainetik, hizkuntzak elkar ulertzeko sortu zirelako, komunitateak eraikitzeko. Erabakia hartua dugu: izan izango gara, euskaraz izango gara, herriaren erabakitasunagatik izango gara».

Harro bai, baina konforme ez. Elordik eskatu du harrotasun hori ez nahasteko «konformismoarekin»: «Harro gaude, bai, baina ez konforme. Horregatik, datozen hilabeteetan lanean jarraituko dugu, euskararen normalizazioaren alde lanean».

23. Korrikaren aurkezpena

Izan ere, bereziki erakundeek zereginak badituztela uste du Balantzategik. Nabarmendu du euskararen normalizazioan «ardura garrantzitsua» dutela: «Herritarren ahaleginaren batera, instituzioek ardura handia dute euskararen normalizazioan, hizkuntza politika ausartagoak egin eta, esan bezala, inbertsioak areagotu behar dituzte, bide eman behar baitiote herritarren konpromisoari».

Eta herritarrek euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea dutela nabarmendu du Balantzategik: «Euskarak mugitzen du Korrika, eta Korrikak mugituko du euskal komunitatea. Komunitate horri euskararen ezagutza zor zaio, ezagutzaren unibertsalizazioa zor zaigu, hizkuntza eskubideak bermatzeko». Eta gogorarazi du jakitea dela lehen baldintza gero erabili ahal izateko: «Ezagutza unibertsalak ekarriko digu edonon euskaraz eroso bizitzea».

Bien bitartean, Balantzategik azpimarratu du Korrikan jasotako dirua Euskal Herri osoan euskara normalizatzeko baliatuko dutela: «AEK Euskal Herri luze-zabalean aritzen da, esparru guztietan: ezagutzan, erabileran eta sustapenean». Izan ere, uste du Euskal Herri osoan eduki behar dutela aukera euskara doan ikasteko: «horretarako, hezkuntza, transmisioa eta helduen euskalduntze-alfabetatze tinkoak behar ditugu, hizkuntza politika ausarten bidez behar beste baliabide jarrita horretarako». Uste du horrela soilik lortuko dutela AEK-ren eta Korrikaren helburua: herritar guztiak euskaraz bizitzea. Eta lanean jarraitzeko asmoa erakutsi du Elordik: «Datozen hilabeteetan lanean jarraituko dugu, euskararen normalizazioaren alde lanean».

Borroka omenduko dute

Datorren Korrikak badu omendua ere: Azterketak Euskaraz. Horrela, Ipar Euskal Herriko gazte horiek baxoa eta brebeta euskaraz pasatu ahal izateko egindako borroka aitortu asmo dute. Hala goretsi du Elordik: «Euskara da haien aldarria, Korrikarena bezala. Eta haien ikasketetako une erabakigarri batean euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute. Horrek, baina, kalteak eragin dizkie notetan zein etorkizun akademikoan».

Alabaina, talde moduan jarduten asmatu dutelakoan dago Elordi: «Haiek taldean elkartu, talde gisa jokatu, eta horrela erantzuten jakin dute, eta emaitzak ere jaso dituzte. Ikasketa prozesu osoa euskaraz egiteko borroka hori transmititu zaie, erreleboa hartu dute, eta aurrera daramate, aitzinera. Benetan jarrera eredugarria da». Horrez gainera, nahi dute Korrikak emandako plaza aukera bat izatea haien aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko, eta, hala, «haien egoera Euskal Herri luze-zabalean ezagutarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.