Irunberriko arroila tranpa bihurtuta

Pako Aristik 'Irunberri, 1990: Arroilaren negarra' liburua kaleratu du. Irunberriko arroilako gertaeren bertsio ofiziala desmuntatu du, ETAko hiru kidek beren buruaz beste egitea erabaki zutela dioena —bat bizirik atera zen—; frogak bilduta, Aristik ondorioztatu du guardia zibilek hil zituztela.

Aristi liburuaren aurkezpenean, atzo, Donostian, hildakoen gertukoekin batera. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Zestoa-Donostia
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Irunberriko arroila (Nafarroa). 1990eko ekainaren 25a. ETAko hiru kide: Jon Lizarralde eta Susana Arregi, tiroz hilda, eta German Rubenach, buruan eta belaunean tiro banarekin zaurituta. Bi guardia zibil: Jose Luis Hervas, hilda, eta Jose Dominguez Piris, balaz zaurituta. Zer gertatu zen? Bertsio ofiziala soilik izan da ezaguna orain arte, Jose Luis Corcuera orduko Espainiako Gobernuko Barne ministroarena: ETAko kideen suizidio kolektiboa izan zela defendatu zuen; ordea, orain, Pako Aristi idazle eta kazetariak gezurtatu egin du, ikerketa baten ostean. Atzo aurkeztu zuten emaitza, Donostian: Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuan (Erein) jaso dute bertsio berria.

Ekainaren 25 hartan Lizarralde, Arregi eta Rubenach Irunberriko arroila inguruan kanpatuta zeuden, Guardia Zibilaren aurkako ekintza baterako informazioa biltzen. Tokiko orografia erabakigarria da: sartu-irtenetarako bi tunel soilik ditu. Horiek itxita, ez dago irtenbiderik. Liburuan jaso dute: «sagu tranpa» bat da. Beroa zela medio, ibaira joan ziren.

Inguruan igaro zen Hervas autoan. Gazteak identifikatzera joatea erabaki zuen, turistei eginiko lapurretekin zerikusia eduki zezaketelakoan. Guardia Zibilaren beste ibilgailu bat ere iritsi zen, Dominguez Piris eta Benito Riverorekin. Ibaiertzera jaitsi zen Hervas. ETAko kideek poltsa batean armak zituzten, eta erakusteko esandakoan, bi tiro eman zizkioten, eta hil egin zuten. Goitik eta behetik tiroka hasi ziren, eta Piris ipurmasailean zauritu zuten. Aristik azaldu du bertsio ofiziala: «Oso larri zauritu zuten, eta guardia zibilak Zangozako osasun etxera joan ziren, Piris eramatera. Arroila hutsik geratu zen ordu erdiz».

20:45era arte ez zuten Rubenach aurkitu, eta biharamuneko 08:45ean ikusi zituzten Lizarralde eta Arregi, hilotz. Aristi: «Bertsio ofiziala da beren buruaz beste egin zutela». Alabaina, suizidio kolektiboaren bertsioa desmuntatu du liburuan. Haren esanetan, arroila ez zen hutsik egon, frogatu baitute Pirisen zauria ez zela larria: «Ez zuen ia odolik isuri». Bestela esanda: ez zuten berehala Zangozara joan beharrik izan.

Frogak, mahai gainera

Gertakarien unean guardia zibilak eta ETAko kideak ez zeuden bakarrik: bi turista holandar zeuden. Horietako batekin, Marian Huskenekin kontaktuan jartzea lortu dute, eta argibideak eman dizkie 2018an liburu batean Irunberrikoari buruz idatzitakoaz: «Tiroak entzun zituen, eta ikusi zituen hiru ikasle —hala idatzi zuen— eta Polizia haien atzetik fusilak hartuta».

Ehun ume eta hamabi begirale, berriz, arroila inguruko putzu batean bainatzen ari ziren. Aristiren esanetan, irteteko agindu zieten, eta aparkalekuan helikoptero bat jaisten ikusi zuten, GAReko guardia zibilak... Eta tartean: «Komandante bat zegoen, denen burua, lasai. Hark esplikatu zien: 'Atera zaitezte hemendik, mesedez, atentatu bat egon da eta'. [...]Uste dugu komandante horrek badakiela barruan zer gertatu zen. Ez zuen esan, baina esaldi osoa litzateke: 'Atentatu bat egon da, eta komandoa atxilotu dugu'». Huskenek dio ez zituela umeak ikusi: «Uste dugu Poliziak holandarrak atera zituela segituan. Galdekatu, zehaztu zeintzuk ziren, baieztatu... Gerora esan zieten: 'Joan zaitezte, baina arratsaldean gurekin etorriko zarete Madrilera'».

Hortaz, non eduki zituzten eta zer egin zieten ETAko kideei hogei orduan? «Lehen minututik jakin zuten [ETAkoak] non zeuden ezkutatuta». Aristiren esanetan, beren burua entregatuko zuten, inguratuta ikusita. Eta gero? «Arroilatik atera zituzten. Nora? Ez dakigu». Eta zertarako? Galdeketa egiteko: «Egitura osoa suntsitu nahi zuten, ez zitzaien aski komandoko hiru liberatuekin». Eta torturatzeko: «Daukaten bala sorta hori prozesu horretan emandakoa da. Tortura prozesu basatia izan zen».

Atxilotu eta galdekatu zituzten erakusgarri da, Aristiren hitzetan, Irunberriko gertakarien ostean Guardia Zibilak eskuratu zuen informazioa: helbideak, izenak, komandoko kideek buruan zituzten ekintzak... Hori oinarri, azaldu duenez, polizia operazio bat egin zuten 25 egunera.

Bost tiro

Autopsiek ere eman dituzte argibideak. ETAko kideek bost tiro zeuzkaten: Rubenachek bi, masailezurretik gora emandakoa eta belaunekoa; Arregik ere bi, buruan eta belarrian, ezkerretik emanak —bera eskuina zen—; eta Lizarraldek bakarra buruan, eta Irati ibaiko ura biriketan eta urdailean. Hogei orduko tarte hartan emandakoak direla dio: «Germani belauna zulatu zioten, besteak beldurtzeko; Susanari tiro bat eman zioten 30 zentimetrora, ez zen hil eta beste bat ematen diote larru kontra... Horrela beldurtu zituzten besteak. Eta Jon ito zuten edo ito zitzaien, ez dakigu nahita edo nahi gabe». Aristik erantsi du: «Autopsiak argi dio: 'Tiro hauek Susanari hirugarren pertsona batek eman dizkio'».

Atxilotu zituztela beste froga batek ere erakusten du, idazlearen esanetan: Lizarralderen pistolak. Hamahiru balatik bakarra falta zuen, bere burukoa, baina balistika txostenak esan zuen Hervasen gorputzeko biak eta Pirisen ipurmasailekoa ere Lizarralderen pistolakoak zirela. «Beraz, pistolak bederatzi bala eduki behar zituen. Manipulatu egin zuten», azaldu du idazleak.

Horiek horrela, argi mintzo da Aristi: «Ez dakigu estatua babesle izan den edo eragile. Guk garbi daukagu estatu krimen bat izan dela, beste asko bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.