Irun, Baiona eta Bordele bat eginik oraingo trenbidea berritzearen alde

'Euskal Y'-arekin lotura egiteko, AHTaren proiektua ez zaie «sinesgarria». Bordele eta Irun arteko trenbidea berritzea lehenetsi dute

Irun eta Baiona arteko trenbidea. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Dei bateratua egin dute Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, Jose Antonio Santano Irungoak (Gipuzkoa) eta Pierre Hurmic Bordelekoak (Okzitania): Irun eta Bordele arteko trenbidea «lehenbailehen» berritzeko eskatu dute, «lurraldeen arteko lotura» atxikitzeko. Haien hitzetan, AHT abiadura handiko trenaren proiektua «ez da sinesgarria», eta hori da gaur egun dagoen «alternatiba bakarra». Indar politiko, ekonomiko eta sozialei dei egin diete eskaerarekin bat egiteko.

Abenduaren 17an bildu ziren hiru auzapezak, Irunen, hiru hirien arteko «lotura historikoa» oroitzeko, eta horren ondotik erabaki dute agiri bateratua bidaltzea. Aipatu dute 2027rako iritsiko dela euskal Y-a Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugara, eta deitoratu dute Frantziako Gobernuak asmorik ez izatea epe berean loturarik egiteko. Egoera horren inguruan, «arrangura» adierazi dute, eta euskal Y-aren iritsiera dela-eta Irungo Udalak aurreikusiak dituen obrak nabarmendu dituzte.

«Gaur-gaurkoz, perspektiba bakar gisa aurkezten da AHTaren proiektua, baina Bordeletik Espainiarako lotura ez da programatua, ezta finantzagarria ere», dio Etxegaraik, Santanok eta Urmicek izenpetutako testuak. Halaber, COI Azpiegituren Frantziako Orientazio Kontseiluak abenduaren 12an atera zuen txostena aipatu dute: Irun eta Akize (Okzitania) arteko AHTaren trenbidea 2042rako egitea aurreikusten dute txosten horretan.

Hiru auzapezen arabera, «urgentea» da ordezkatzen dituzten lurraldeen arteko lotura atxikitzea. Horregatik, gaur egun dagoen trenbidea «modernizatzeko» eskatu dute. Hori da, haien ustez, soluziorik «pragmatikoena». Alde onak zerrendatu dituzte: «merkeagoa, xumeagoa, obratzeko lasterragoa, eta ekosistema eta lurraldeekin errespetuzkoagoa» litzatekeela diote.

Orain arte egindako ikerketek aukera hori hobesten dutela adierazi dute hiru hiri horietako buruek, eta iragarri kabinete independente batek ere bide beretik doan ikerketa berritu bat aterako duela aurki. Proiekturako egutegi proposamen bat aurkezteaz gain, beste hainbat arlo ere argitu beharko lituzke, hala nola kamioiak trenez garraiatzeko aukera, bideragarritasun teknikoa, bidaien iraupena eta gastuak, eta ingurumenean izan lezakeen inpaktua.

Azken urteetan, hainbat eragilek behin baino gehiagotan plazaratu dute Baiona eta Irun arteko trenbidea berritzeko eskaera, AHTaren proiektuaren alternatiba gisa aurkeztuta. Hiru auzapezen deialdiak berriz indartzen ahal luke aldarrikapena. «Lurraldearen eraikuntza kolektiboan» auzapezek rol zentrala dutela kontuan hartuta, eskaera batera bultzatzera deitu dituzte gainerako indar politiko, sozial eta ekonomikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.