Irulegiko Eskua aurkitu zuen taldeak jasoko du 2022ko Sabino Arana saria

Irakli Kobakhidze, Mikel Sanchez, Gipuzkoako Aspace, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadi-Ukraina elkartea ere sarituko dituzte

Aiestaran, aztarnategiko zuzendaria, Irulegiko Eskua aurkezten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Sabino Arana fundazioak jakinarazi du nortzuek jasoko duten 2022ko Sabino Arana saria. Irulegiko Eskua aurkitu zuen arkeologia taldea, Irakli Kobakhidze politikaria, Mikel Sanchez sendagilea, Gipuzkoako Aspace, Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Euskadi-Ukraina elkartea sarituko dituzte. Mireia Zarate fundazioko presidenteak eman du sarien berri, Bilbon. Sari banaketa urtarrilaren 29an egingo dute, Arriaga antzokian, 12:00etan.

«Arkeologia taldeak ederto barruratu ditu Jose Miguel Barandiaranen hitzak: nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu», esan du Zaratek. Taldeari eskerrak eman nahi izan dizkio, «denbora luzean egindako lanagatik». Izan ere, ziurtatu du aurkikuntza horrek ondorio garrantzitsuak ekarriko dituela euskal gizartearentzat, baita hizkuntzarentzat ere.

Georgiako Parlamentuan gehiengoa duen alderdiaren buruari ere emango diote saria, Irakli Kobakhidzeri. «Georgiako politikako erreferente nagusietakoa da, eta Euskadi eta Georgiako harremanen bultzatzaile sendoa». Mikel Sanchez sendagilea kirurgia arloan egindako ekarpenengatik sarituko dute, «kirurgia tekniketan eta ehunen birsorkuntzan egindako aurrerapenengatik».

Aspaceren «kemena»

Gipuzkoako Aspace elkartea duela mende erdi baino gehiago sortu zuten: «50 urte baino gehiago eman dituzte garun paralisia dutenen eskubideak aldarrikatzen». Haien «kemena» nabarmendu nahi izan dute, garun paralisia dutenek gizartean parte hartzeko eta ikusarazteko «beharrezko tresnak» aurkitzeagatik.

Bilboko Orkestra Sinfonikoari ere aitortu nahi izan diote egindako lana, kulturari egindako ekarpenarengatik, hain zuzen ere. «Ehun urte bete dituzte 2022an, eta 4.700 kontzertu baino gehiago eman dituzte». Seigarren saria Euskadi-Ukraina elkarteari emango diote, «elkartasunaren eta harreraren adibide izateagatik».

Ignacio Etxeberria Sabino Arana fundazioko idazkariak azaldu duenez, bi baldintza bete behar dituzte hautagaitzek saria jasotzeko: «Alde batetik, euskal gizarteari ekarpena egin behar diote, eta, beste alde batetik, pertsonalki jaso beharko dute saria Arriagan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.