Indarkeria matxista hizpide izan zuten atzo Eusko Legebiltzarrean. Iruditeria berriz eraiki, eta indarkeria mota hori jasan duten emakumeak modu koordinatuan nola lagundu behar diren erakutsi behar dela azpimarratu zuen Nerea Barjola ekintzaile feministak. Eusko Legebiltzarreko Berdintasun batzordean jardun zuen, krisi zentroei buruzko gogoeta eskatuta, EH Bilduren eskutik.
Indarkeria sexualaren biktima izan diren emakumeak artatzen dituzten gune espezializatuak dira zentro horiek. Euskal Herrian gisako gunerik ez dagoen arren, Barjolak horien garrantzia azpimarratu zuen argi utziz espazio horiek estrategikoak direla indarkeria sexualaren biktimak berriz ere biktima ez izateko. Adierazi zuen orokorrean indarkeriaren kontakizun eta iruditeria bat badagoela, zeinean erasoen erantzukizuna biktimei egozten zaien. «Indarkeria sexualak ondo artatu ahal izateko beharrezkoa da iruditeria aldatzea», gehitu zuen Barjolak.
Aldaketa hori gauzatzeko gakoak dira krisi zentroak. Barjolak onartu zuen Euskal Herrian badirela gune espezializatuak, baina bertze indarkeria mota batzuk artatzen dituztela. Eta, zenbaitetan, espazio horietara indarkeria sexualaren biktimak bideratzen dituztenean, «alde batean» gelditzen direla. «Gune berezituen gabeziak emakumeak egoera etsigarri batean uzten ditu, beren izaeraren berregituraketa zailduz».
Zereginak
Krisi zentroek larri dauden emakumeak artatzen dituzte, baina ez hori bakarrik: iraganean gertaturiko zerbaitengatik bat-batean emakume batek krisi bat izango balu, klinikak kasu hori ere landuko luke. Barjolak azaldu zuen, adibidez, badirela adin handiko emakumeak gaztetan indarkeria sexualaren biktima izan zirenak, eta inoiz ez dutela ezer erran. Baina beren bizitzako momentu jakin batean gertatu zitzaiena kontatzeko eta sendatzeko beharra sentitzen dutela. Nabarmendu zuen egoera horiek lantzeko espazioak beharrezkoak direla. Gainera, gune horietan biktima erdigunean jartzen dutenez, haien errekuperazioa da gakoa. Beraz, haien familiak ere artatzen dituzte.
Horrez gain, legebiltzarrean kasu jakin baten inguruan galdetu zioten Barjolari: soilik baietz da baietz legearen ondorioz erasotzaile bati zigorra gutxituko baliote, eta biktimak horren ondorioz laguntza psikologikoa behar balu, krisi zentroetan jasotzen ahalko luke laguntza hori? Barjolak baietz erran zuen.
«Indarkeria sexualaren erreparazioa lehenengo minututik hasten da». Hortaz, ezinbertzekoa da langileak ahal bezain prestatuta egotea, eta «etengabe» prestatzen aritzea. Egin beharrekoak argi azaldu zituen Barjolak: «Minik egin gabe entzun behar da, badauden baliabide espezializatuak ezagutu eta horietara bideratu».
Alde horretatik, nabarmendu zuen beharrezkoa dela bertze zerbitzuekin «koordinazioa» egotea. Asturiasko gunean, adibidez, garraio arloarekin hitzarmen bat dute, zeinari esker bi ibilgailu dituzten eskuragarri, edozein momentutan biktimen eske joateko edo bertzelako zerbitzuetarako erabili ahal izateko.
Barjolak erran zuen garraioaren faktorea krisi zentroetarako gakoa dela. Tresna oso garrantzitsua delako emakumeak laguntzeko. Eta badakielako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egonen den guneetako bakoitza desberdina izanen dela, behar askori erantzunen dietelako. «Ez da gauza bera hiriguneetako biztanleria, edo landa eremuan bizi dena».
Barjolak garbi utzi zuen Barnahus etxearekin ere koordinazio lanak egonen direla. Baina beharrezkoa dela etxeak genero ikuspegia txertatzea —langile batzuk horretan ari dira jada—.
Indarkeria matxista. 'Krisi zentroak'
Iruditeria aldatzeko beharra
Nerea Barjolak dio krisi zentroak gakoa direla indarkeria sexualaren biktimak artatzeko. Gunearen eta gainerako zerbitzuen «koordinazioa» ezinbertzekoa da emakumeak ahal bezain ongi laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu