Indarkeria matxistaren biktimak. Horiek irudikatzean, gehiengoak emakume heldu batengan pentsatzen du, seme-alabak dituena, edo neska gazte batengan, akaso. Eta erasotzailea. Biktimarendako ezezaguna den norbait irudikatzen du rol horretan jende anitzek oraindik, edo, bertzela, haren bikotekidea edo bikotekide ohia. Horrek erakusten du iruditeria kolektiboan indarkeria matxistaren biktima den adineko emakumea ez dela ageri, eta are gutxiago indarkeria semearengandik jaso duen hori. Bada, aurten Euskal Herrian bi emakume hil dituzte gizonek, eta bi kasuetan semeak izan dira erasotzaileak, eta amak biktimak. Miren Orozko gizarte langileak azaldu du matxismoa «osagai oso garrantzitsua» dela halakoetan ere: «Emakumeek indarkeria jasaten dute emakume izate hutsagatik, eta edozein gizarte, hezkuntza, kultura eta ekonomia mailatako emakumeak izan daitezke».
Urte hasieran izan zen lehenbiziko hilketa: 63 urteko gizon batek 84 urteko ama hil zuen Barakaldoko Arrandi kaleko etxebizitza batean (Bizkaia). Otsail hasieran, berriz, Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen Irunen (Gipuzkoa), amari labanaz eraso egitea leporatuta. Emakumea ospitaleratu egin zuten, eta ordu batzuk geroago hil zen, erietxean, zauriengatik. Epaileak erabaki zuen gizona espetxera sartzea.
127
Hilketa matxisten kopurua. 2003tik 127 emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian. Hilketa gehien Bizkaian izan da: 46.
Horiek hilketa matxistatzat jo zituzten hainbat talde eta erakundek, eta gogor gaitzetsi: Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak, Itaiak, Barakaldoko eta Irungo udalek, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, eta Emakundek, bertzeak bertze. Halere, juridikoki, kasu horiek ez dira «genero indarkeria» gisa hartzen, ez Ipar eta ez Hego Euskal Herrian.
Frantziako Zigor Kodearen arabera, «genero indarkeria» bikote harreman baten barruan gertatzen den hori da, biktimaren edo erasotzailearen sexuari erreparatu gabe. Erasoa etxe barnean gertatzen bada baina ez badu bikotekideak edo bikotekide ohiak egiten, «familia barruko indarkeriatzat» hartzen da.
Antzeko ideia formulatzen du Espainiako Babes Integralerako Lege Organikoak; horren arabera «genero indarkeria bikotekide edo bikotekide ohi gizonezkoek emakumeei egiten dietena» baita. Etxe barnean eraso bat gertatzen denean, baina ez duenean bikotekideak edo bikotekide ohiak egiten, ez da «genero indarkeriatzat» hartzen, «etxeko indarkeriatzat» baizik. «Matxismoa gure gizarteko esparru guztietan dago, eta, beraz, hilketa horietan galdetu behar da ea hiltzaileek beren amaren kontrako indarkeria erabili duten emakumea izateagatik, eta emakumeak kontrolatu, beldurtu eta menderatzeko egin ote duten», dio Orozkok.
«Matxismoa gure gizarteko esparru guztietan dago, eta, beraz, hilketa horietan ere galdetu behar da ea hiltzaileek beren amaren kontrako indarkeria erabili duten emakumea izateagatik»
MIREN OROZKOGizarte langilea
Adineko emakumeak
Azken bi kasuetan adineko emakumeak izan dira biktimak, eta, datuek erakusten dutenez, ezaugarri hori dute gisako kasuek. BERRIAk osatutako biktimen maparen arabera, 2003tik 13 emakume hil dituzte beren semeek; eta horietatik 11 kasutan biktimak 60 urte baino gehiago zituen.
Iratxe Herrero Zarate gerontokriminologian aditua da, eta Y-logika ikerketa taldeko zuzendaria. Azaldu du adineko emakumeek «edozein motatako indarkeria» pairatu dezaketela, tartean semeek eragindakoa. Eraso horiek indarkeria matxistatzat ez hartzeak dakartzan ondorioez galdetuta, beretako arazo bat ez dela azaldu du, «betiere genero indarkeriatzat hartzen ez diren gainerako indarkeria horiei erantzun egokia ematen bazaie». Hau da, erasoren bat jasan duten emakume guztiak modu egokian artatzen badituzte, eta erasotzaile guztiek dagokien erantzukizuna hartzen badute. «Arazoa da baliabiderik ez egotea, eta gizartean dagoen adinkeriaren ondorioz biktima horiek zerbitzuetatik kanpo gelditzea», borobildu du.
Nabarmendu du adineko emakumeen kontrako indarkeria iruditegi kolektibotik at gelditu ohi dela maiz: «Ikusi dugu semeek amak hiltzen dituzten kasuak itzalean gelditzen direla. Izan ere, indarkeria mota honetan pentsatzen dugunean, amari erasotzen dion gazte bat irudikatzen dugu. Modu horretan, adineko emakumeak ikusezin egiten ditugu, iruditeria kolektiboan bestelako biktima batzuk daudelako adinari dagokionez».
«Adineko emakumeak ikusezin egiten ditugu, iruditeria kolektiboan bestelako biktima batzuk daudelako adinari dagokionez»
IRATXE HERRERO ZARATEGerontokriminologian aditua
Herreroren irudiko, bi dira adineko emaztekien kontrako indarkeriaz ez mintzatzeko arrazoi nagusiak. Batetik, belaunaldi horietan indarkeria matxistaz ez zen solastatzen, «etxean konpondu beharreko zerbait» zela uste baitzen. «Emakume horiek ez dute indarkeria hori identifikatu, eta ez dute laguntzarik eskatu. Ondorioz, erregistroetan ez dago ezer». Bertzetik, iruditegi kolektiboan, oro har, emazteki horien kontrako indarkeria ez da ageri.
Hori aldatzeko ezinbertzekoa zaio, adibidez, indarkeria matxistaren kontrako kanpainetako irudietan adineko emakumeak ere agertzea: «Andre horiek biktima izan daitezkeela erakustean, batetik, horietako asko identifikatuta sentituko dira, eta laguntza eskatzea erabakiko dute agian. Bestetik, adin hori ez dugun gainerako herritarrok beste biktima soslai bat identifikatuko dugu, orain arte itzalean egon dena».