Irudiak ere badu mezua

Gero eta garrantzi handiagoa du irudiak politikan. Alderdi guztietan aholkulari talde bat dago politikarien mezuarekin bat datorren irudia prestatzen. Adituen arabera, «argi antzemango da hori legebiltzarreko hauteskundeetarako kanpainan».

Lehendakarigaien erretratu robota
Lehendakarigaien erretratu robota. BERRIA
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Hitzetatik harago doa komunikazioa. Horren jakitun dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpainarako alderdi nagusiak, eta aholkularien esanei jarraituz osatzen dute mezua, irudia eta hautagaia. Andoni Ortuzarrek, EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak berak adierazi zuen hori zurian beltz. Esan zuen «erretratu robota» egin zutela EAJren lehendakarigai egokienaren bila, eta, horretara nor hurbilduko zen pentsatu zutenean, Imanol Pradales lehendakarigaia aukeratu zutela: «Urkullu baino gazteagoa izan behar zuen; esperientzia politikoa eduki behar zuen, eta alderdiaren politika barnetik ezagutu». 

Gaur egun, ordea, ez da hain erraza izaten «erretratu robotarekin» asmatzea, ahalik eta jende gehienengana iritsi nahi baitute alderdiek. Horixe dio Julen Orbegozo politologo eta EHUko irakasleak: «Ez dira soslai jakin bateko gizarte taldeei erantzuten dieten alderdiak, orotariko herritarrengana iritsi nahi dute». Hala ere, Orbegozoren ustetan, alderdi guztiek balio jakin batzuk hartzen dituzte kontuan: zintzotasuna, gardentasuna, kudeatzaile ona izatea eta ausarta izatea.

Arantxa Elizondo EHUko irakasle eta Emakundeko idazkari nagusi ohiak aletu du alderdi bakoitzeko lehendakarigaiak hautatzean zein ezaugarri aintzatetsi dituzten: «EAJren kasuan, marka garrantzitsuagoa da lehendakarigaia baino. Horregatik, Pradalesekin jarraitutasuna lortu nahi izan dute; PSE-EEk ere Eneko Anduezarekin bide bera hartu du, euskal sozialisten artean ezaguna baita. Berritzaileagoa iruditzen zait, kasu honetan, Pello Otxandiano; hain zuzen ere, EH Bilduk norbait berria eta ezezaguna izatea bilatu du, freskotasuna adierazteko; Javier de Andres ez da berria, eta PPk ere, jarraitutasuna irudikatu nahian, klasikoa den figura bati eman dio garrantzia».

Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek garbi zuten beren lehendakarigaiak emakumeak izango zirela. Miren Gorrotxategirekin, Elkarrekin Podemosek «fidagarritasuna» erakutsi nahi izan du, Elizondoren ustetan; Alba Garciarekin, «gaztetasuna». Amaia Martinezek, berriz, «Voxen segida erakusten du, baina, aldi berean, guztiz ezezaguna da».

Irudiaren garrantzia

Orbegozoren iritziz, alderdi guztiek eraiki dute bere lehendakarigaiaren «abatarra». Politikan ez baita guztia hitzekin esaten. Are gehiago, hitzek bezainbeste esaten dute irudiek. «Alderdietako hautagaiak epaitzeko orduan, lehenengo segundoak dira erabakigarrienak. Alde batetik, gure arreta lortzeko; bestetik, hautagaiari lehenengo epaiketa egiteko», azaldu du Olatz Agirre irudi aholkulariak. Zenbait ikerketak diote hitzezko komunikazioa %8-10 izaten dela; beste guztia keinuek, janzkerak, doinuak, eszenografiak eta bestelako aldagaiek adierazten dutela.

«Irudiari ez diote soilik garrantzia ematen beren mezuak indartzeko, garrantzia du baita bueltan jaso ditzaketen mezu negatiboak saihesteko ere».

ARANTXA ELIZONDO EHUko irakaslea eta Emakundeko idazkari nagusi ohia

Orbegozok atzera egin eta irudiaren garrantzia azaltzeko Richard Nixon eta John F. Kennedy Amerikako Estatu Batuetako presidente ohien arteko debate politikoa ekarri du gogora —1960ko irailean egin zuten; telebistan eskainitako lehen debatea izan zen—: «Nixonek ez zuen kontuan hartu itxura, beste agerraldi batetik zuzenean joan zen telebistara; Kennedy, berriz, goitik behera prestatu zen. Debatea bukatu ostean, inkestek bi muturreko erantzunak eman zituzten: saioa telebistaz ikusi zutenentzat, Kennedyk irabazi zuen; irratiko jarraitzaileentzat, berriz, Nixonek». Agirrek gaineratu du estetikaren bitartez politika egin daitekeela, eta argi antzemango dela hori  legebiltzarreko hauteskundeko kanpainan.

Alderdiaren eta hautagaiek erakusten duten irudian ere azaldu behar dira alderdi bakoitzaren balioak; bestela, Agirreren esanetan, haustura egongo da, ez dute bat egingo esaten denak eta ematen den irudiak. Orbegozo ados dago ideia horrekin, eta gehitu du komunikazioaren oinarriek hiru gakori erantzun behar dietela: «Zer komunikatu nahi dut, zer komunikatzen dut, eta zer jasotzen du hartzaileak komunikazio ekintza horretatik. Oreka bat egon behar du».

Alderdien ekitaldi eta mezu guztiak aldez aurretik ongi pentsatuak eta prestatuak egoten dira; irudian aditua den talde bat izaten dute alderdiek atzean. Adibide bat ematearren, Agirrek gogora ekarri du Pradalesek adierazten duen alderdiaren jarraitutasuna: «Janzteko moduan Urkulluren estilora egokitzen da: egoera formaletarako, gorbata; hedabideetarako, alkandora zuria, eta gazteen agerraldirako, poloa». Orbegozok gaineratu du mezuetan ez ezik, tonuan eta jarreretan ere EAJren lehendakarigaiaren soslaia ez dela ezer aldatu.

EH Bilduren kasuan, Otxandianoren aurkezpen kartelean jarri du arreta EHUko irakasleak: «Otxandiano trajea jantzita agertzen da, alkandora zuri batekin; horrekin, gardentasuna plazaratu nahi dute; horretaz gainera, bere betaurreko esanguratsuak ditu jantziak —marka gisa erabiltzen hasi dira betaurreko horiek, eta, Otxandianok agerraldian parte hartzen ez badu ere, haren betaurrekoak agertzen dira ekitaldian—. Begiradari erreparatuz gero, gora eta ezkerrera begiratzen du; horrekin, oso garbi erakusten du etorkizunera begira dagoela».

«Nahasketa handi bat da komunikazio politikoa: badaude baliabide birtualak eta fisikoak. Ezin gaitezke toki guztietan, une guztietan egon; hori gaur egungo gizartearen ilusio bat da».

 JULEN ORBEGOZO Politologoa eta EHUko irakaslea

Emakume hautagaien irudien lanketarako beste aldagai batzuk ere hartzen dituzte kontuan. Elizondoren arabera, diferente lantzen da: «Irudiari ez diote soilik garrantzia ematen beren mezuak indartzeko, garrantzia du baita bueltan jaso ditzaketen mezu negatiboak saihesteko ere». Agirreren iritziz, ez da kasualitatea orain emakume politikari gehienak amerikana janztea, «boterearen ikur nagusia baita amerikana».

Izan ere, Elizondok ohartarazi du emakume politikariak erasoen jomuga izan ohi direla: «Pertsonaia publikoak diren heinean, era askotako erasoak jasaten dituzte, batez ere sare sozialetan. Gainera, gehienetan, haren jardun politikoa epaitu baino gehiago, irudiarekin lotutako eraso matxistak izaten dira». Elizondoren arabera, irudi aholkulariak izaten dituzten arren, emakume politikariak kezkatzen dira gehien  ematen duten irudiaz, «ondoren jaso dezaketenaren beldur».

Eszenografia

Ekitaldietako argiztapena, politikarien atzean agertzen diren pantailak, gonbidatuen eserlekuak… Alderdien ekitaldi politikoak detailez beteta daude, irudi bat eraikitzeko. Orbegozo zenbait alderdiren ekitaldietara joan da eszenografia aztertzera: «Nik ikusi dudanagatik, EH Bilduk minimalismorako eta bertikaltasunerako joera izan du. Ekitaldi txikiagoak egiten ditu, eta bertikaltasuna dute ardatz. Horrela, modernitatea eta solbentzia saltzen du. EAJk, aldiz, pantaila handiekiko apustua egiten du; pantaila erraldoiak eta horizontalak».

Beste alderdi batzuek, berriz, beren programa politikoari jarraikiz, kaleko elementuak baliatzen dituzte agerraldi zein ekitaldiak egiteko. Hori bera azaldu du Elizondok: «Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek, betiko ekitaldiez gain, Osakidetzaren aurrean edo autobus publiko batean egiten dituzte agerraldiak haien lehendakarigaiei ikusgarritasuna emateko».

Aldi berean, sare sozialak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, eta hautagaiei ere tokatu zaie sare sozialetara egokitzea. Orbegozoren ustetan, funtsezkoa da plaza analogiko zein birtualetan egotea, betiere oreka batekin: «Nahasketa handi bat da komunikazio politikoa: badaude baliabide birtualak eta fisikoak. Ezin gaitezke toki guztietan, une guztietan egon; hori gaur egungo gizartearen ilusio bat da».

Hala ere, Elizondoren ustetan, oraindik telebista da plaza garrantzitsuena euskal politikarientzat: «Agerraldietatik atera daitezkeen titulu indartsuenak telebistan ikusi nahi dituzte politikariek atzean, musikaren, argiztapenaren eta ikurrekin atonduta».

Mezuaren indarra

Elizondok, Orbegozok eta Agirrek bat egiten dute: aurtengo kanpaina irudien aldetik orain arte ikusitako osatuena izan daiteke. Izan ere, Orbegozok adierazi du programa politikoa aurkeztu eta segituan hasten direla alderdiak hautagaien eta kanpainaren irudia prestatzen. Agirreren iritziz, aurreko legealdietako lehendakarigaiek ere aintzat hartu zuten irudiaren garrantzia; apirileko hauteskundeetan, berriz, «are eta garrantzi handiagoa» izango du irudiak.

«Alderdietako hautagaiak epaitzeko orduan, lehenengo segundoak dira erabakigarrienak. Alde batetik, gure arreta lortzeko; bestetik, hautagaiari lehenengo epaiketa egiteko».

OLATZ AGIRRE Irudi aholkularia

Hala ere, nahiz eta irudiak gero eta indar handiagoa izan, beste leku batzuetan baino pauso bat atzerago dago euskal politika, Orbegozoren ustetan: «Hau ez da Amerikako Estatu Batuak, hau ez da politika internazionala; beste leku batzuetara baino geroago heldu da irudiaren garrantzia. Baina, azkenean, heldu da, eta hor dago».

Euskal Herrian oraindik hitzek dute pisurik handiena, Elizondoren esanez: «Hemen lider batek baino garrantzi handiagoa du alderdiak edo markak. Agian, gure iragana dela eta, herritarrek jaramon handiagoa ematen diote alderdi bakoitzak helarazten duen mezuari: politikarien ahotik ateratzen dena zizelkatuta geratzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.