Sare sozialak. Adingabeak

Irudi ase, intimitate gose

Azken urteetan ohikoa bihurtu da gurasoek seme-alaben argazkiak eta bideoak sare sozialetan zabaltzea. Adituek ohartarazi dute praktika horrek kalte egiten diola adingabeen pribatutasunari.

BERRIA.
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
G oizean igerilekura lagunekin, eguerdian entsalada bazkaltzeko eta arratsaldean hondartzara. Udako egun arrunt baten deskribapena. Aparteko interesik sortzen ez duen egun eguzkitsu horietako batena. Tankera horretako esaldiak, ordea, maiz agertzen dira Instagram eta horrelako sare sozialen argazki oin eta story-etan. Batzuetan, norberak bere bizitzaren berri emateko erabiltzen ditu. Bertzeetan, berriz, gurasoak arduratzen dira beren seme-alaben eguneroko digitala osatzeaz. Kalterik egiten ez duen ekintza bat dirudien arren, norberaren pribatutasuna gehiegi erakustea arazo bilakatzen ari da, The Truman Show filmaren hamaika kopia daudelarik sare sozialetan. 

Argitalpen horien kopurua nabarmen hazten denean, edukiak berezko interesik ez duenean eta adingabeen intimitatea tartean sartzen denean, sharenting izeneko fenomenoa agertzen da. Kontzeptu hori share (partekatu) eta parenting (hezi) ingelesezko hitzen elkarketatik dator. Guraso edo legezko tutoreek beren seme-alabak sare sozialetan gehiegi eta modu desegokian erakusten dituztenean gertatzen da, eta arriskutsua izan daiteke, luzera begira nahiz luze gabe. Hala baieztatu du Nerea Ollora psikologoak: «Eduki mota horren erabileraren gaineko kontrola gal daiteke, eta ezagutzen ez ditugun asmoak dituzten pertsonen eskuetan buka dezake».

Ikusi gehiago: Hutsuneak ditu adingabeen pribatutasuna babesteko legediak

Nahiko praktika berria da sharenting-a, 2016an jaso baitzuen lehenbiziko aldiz Collins hiztegi britainiarrak. Ameriketako Estatu Batuetan agertu zen lehenbiziko aldiz, Youtube sare sozialean. Euskal Herrira, berriz, Iruñeko emakume baten eskutik iritsi zen. Fenomeno horren hastapenean, amatasuna zen Youtubeko kanal horien mintzagai nagusia: haurdunaldiaz, erdiondoaz eta edoskitzeaz aritzen ziren. Adingabeek publikoaren interesa erakartzen zutela konturatzean, ordea, familia guztiaren eguneroko bizitza bihurtu zen solasgai.

Lehenbiziko urte haietan, plataformak ikusgaitasun handia eman zien kanal haiei, family friendly edo familia guztiarentzako eduki gisa sailkatuz. Hala, enpresa iragarleek publizitate andana bideratu zuten eduki sortzaile horiengana, eta irabazi ekonomiko handiak izaten hasi ziren.

Azken urteetan, berriz, plataformaren algoritmoan aldaketa bat egin dute, eta adingabeak agertzen diren edukiek ez dute lehen bezainbesteko arrakasta. Hala, kanal horietan biltzen zen publizitatea nabarmen gutxitu da, baita haien diru sarrerak ere. Gogoko lekuan aldaparik ez dagoenez, eta eduki sortzaile gehienen motibazio nagusia ekonomikoa izan ohi denez, estrategia aldatzea erabaki zuten: Instagram plataformara pasatu ziren gehienak. Batzuek trantsizioa poliki-poliki egin zuten, ahal bezain sotilak izateko. Bertze batzuek, berriz, argi adierazi zuten dirua zutela gidari.

Sarearen alde iluna

Dirua lagun ona den arren, jabe txarra da. Hala ikasi dute guraso aunitzek, ikustean plataforma aldaketak ez dituela lausotu sharenting praktikaren ondorioak. Fenomeno hori ikertzen duten adituek urteak daramatzate gizartea kontzientziatzeko ahaleginak egiten, buru-belarri lanean, Trumanen istorioa ume aunitzen errealitate bihurtu ez dadin.

Adingabeen segurtasuna bermatzeko, sharenting fenomenoaren ondorioez ohartarazi dute hainbat adituk. Horietako bat da EU Kids Online ikerketa taldeko Maialen Garmendia soziologoa: «Sharenting egiterakoan aintzat hartu beharko lirateke haurraren pribatutasuna eta ongizatea». Izan ere, aunitzetan, adingabearen baimenik gabe bere bizitza guztia dokumentatzen dute gurasoek sare sozialetan: «Adibidez, askotan ikusi izan dugu haur baten argazkia pixa egiten eserita dagoela. Berez, ez du ezer kaltegarririk, baina handik urte batzuetara haur horren lagunek ikusten badute, agian adarra joko diote. Sarri, guraso asko ez dira jabetzen haur horiei arrasto digitala sortzen ari direla eta horrek etorkizunean ondorioak izan ditzakeela», gehitu du Garmendiak.

Txiki-txikitatik aztarna digital sakona izatea da praktika horren ondorio nagusietako bat. Haurraren inguruko informazio aunitz sarean, edonoren eskura, dagoenean gertatzen da. Hortaz, izen-abizen osoak, umearen urtebetetze eguna, etxeko helbidea eta non ikasten duen jakitea ahalbidetu dezakeen informazioa ez zabaltzea da gomendagarriena. Ollorak ezinbertzekotzat jo du tankera horretako datuak argitaratu baino lehenago haurrarengan pentsatzea: «Denboran irauten duten irudiak dira, eta horietara iristeko aukera egonen da haurra nerabea edo heldua denean». Izan ere, baliteke argazki edo bideo jakin batzuen ondorioz eskola jazarpenaren, identitate lapurretaren edo bestelako iruzurren biktima ere izatea adingabea.

Gainera, umeek ikusten dutenaz ikasten duten heinean, baliteke haien gurasoen bide bera jarraitzea etorkizunean. Ideia horrek nabarmen kezkatzen du Garmendia: «Haurrek ikusten badute gurasook euren argazkiak maiz zabaltzen ditugula, ume horiek nerabeak direnean, litekeena da eurek gauza bera egitea. Hori arriskutsua izan daiteke. Ahalegindu behar dugu haurrak ohartarazten euren pribatutasunaren balioaz». Adingabe horiek, euren pribatutasun propioa zabaltzeaz gain, haien seme-alaben intimitatearekin ere gauza bera egin dezakete, eta Truman Show infinitu bati bidea ireki.

Ezjakintasuna gidari

Ondorioak badaude. Hala ere, adingabeen argazki eta bideo andana daude sarean barrena bueltaka. Horren arrazoi nagusietako bat da arlo horren inguruko ezjakintasuna: «Orokorrean, gurasoek ez lituzkete argazki jakin batzuk argitaratuko momenturen batean ondorioren bat izanen lukeela jakinen balute», adierazi du Ollorak.

Hala ere, zenbait gurasok, praktika horren alde negatiboak ezagututa ere, jarrera berarekin jarraitzea erabakitzen dute. Izan ere, horrelako ekintzak kanpotik epaitzea eta bakoitzak bere buruaren kritika egitea ez dira gauza bera. Baliteke konplikatua izatea norberaren akats bat onartzea. «Horrelako alertek dakarte planteatu behar izatea orain arte jokatu dugun modua agian ez dela egokiena gure seme-alabentzat», argitu du Ollorak.

Horrelako egoerak eragozteko, edonola ere, kontzientziazioa da giltzarria. «Kontuan hartu beharreko argibide ugari daude, baina nik lau nabarmenduko nituzke», azaldu du psikologoak. Lehenbizikoa gurasoen profilaren «publikotasuna» zaintzean datza: haien kontua pribatu gisa konfiguratuta badago, pertsona gutxiagorengana iritsiko dira bertan argitaratutako argazkiak; beraz, umearen intimitatea ez da hainbesteko arriskuan egonen.

Bigarrena argazkiak nori bidaliko zaizkion pentsatzea da. Garmendiarentzat ere neurri hori oso garrantzitsua da: «Ahalegindu behar gara hartzaileak nor diren ondo kudeatzen». Hirugarrena, geolokalizazioa edo datu pertsonalak ez adieraztea sare sozialetan. Eta laugarrena, umeak biluzik edo erdi biluzik ageri diren argazkiak ez argitaratzea. Ezinezkoa baita jakitea irudi horiek non bukatuko duten.

Baieztapen beharra

Ondorioen berri izanda eta hezkuntza egokia jasota ere, badira oraindik egunero seme-alaben informazioa zabaltzen duten gurasoak. Batzuetan, motibazio ekonomikoa baino gehiago, behar psikologiko bat dago horren atzean. Etengabeko baieztapenaren beharra, hain zuzen ere. Ollora: «Gu gara momentua bizitzen ari garenak. Baina, aldi berean, momentuaz gozatzeko besteen iritzia jakiteko beharra dugu. Gure sentimenduak besteen iritzietara baldintzatzen ditugu».

Baina argi diote adituek: guraso horien seme-alabek, baieztapena baino gehiago, pribatutasuna behar dute. Bestela, akaso, hurrengo agerraldian Trumanen bidea hartuko dute eta azken hitzok zuzenduko dizkiote kamerari: «Egun on... eta berriz elkar ikusten ez badugu: arratsalde on eta gabon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.