Daniel Dergi euskal preso ohiaren atxiloketa salatzeko manifestaziora deitu dute AB, Batasuna eta EA alderdiek gaurko Baionan. Alderdi horien ustez, atxiloketa «testuinguru politiko jakin batean» kokatzen zen gertaera bat zen. Horregatik, Dergiri eta haren sendiari elkartasuna adierazteko eta Euskal Herriko gatazka politikoari aterabide politiko bat aldarrikatzeko, manifestaziora deitu dute hiru alderdi abertzaleek; Euskal Herriaren ezagupena. Presoen eskubide politikoak errespetatu eta errepresioaren gelditzea lelopean, Euskaldunen plazatik irtengo da, 17:00etan.
Joan den astean egindako prentsaurrekoan, manifestazioaren antolatzaileek salatu zuten Frantziak eta Espainiak «erantzun errepresibo ezin pentsatua» eman ziotela Aurore Martinen Espainiaratzearen aurkako mobilizazio azkarrari eta Batasuneko kidearen Espainiaratzearen «porrotari». Eta, gainera, Euskal Herriak xede duen prozesu demokratikoari begira, Espainiak gatazkaren konponbidearen alde ez duela urratsik egin nahi gaitzetsi zuten ABko, Batasuneko eta EAko ordezkariek.
Frantziako Estatuak «absolutuki» Ipar Euskal Herriko militante baten Espainiaratzearen «argazkia» eman nahi duelako, «mendeku» nahia dela uste dute manifestaziora deitu duten hiru alderdietako ordezkariek.
Dergi, baldintzapean aske
Agen hiriko (Frantzia) auzitegiko epaileak onartu egin zituen Yolanda Molina Dergiren abokatuaren eskaerak: euroaginduaren azterketa atzeratzea eta Dergi aske uztea. Horrela, Dergi euskal preso ohia baldintzapean aske dago euroaginduaren azterketara arte, uztailaren 27ra arte.
Egun hori iritsi bitartean, Agengo Auzitegiak Dergiri hainbat baldintza ezarri zizkion. Baldintza horietako bat da Cahors hiritik ateratzeko Dergik duen debekua. Beste baldintza, berriz, uztailaren 18tik aurrera hamabost egunetik behin polizia etxean aurkeztea da.
Askatasunak, bestetik, Dergiren egoera salatu zuen, eta ABk, Batasunak eta EAk deitutako manifestaziorako deia berretsi zuen. Askatasuna ez da deia berretsi duen bakarra; izan ere, Euskal Herriko Giza Eskubideen aldeko Batzordeak, Euroaginduaren Kontrako Kolektiboak, Angeluko NPA alderdiak eta Anai Artea elkarteak ere Dergi ren atxiloketa salatzeko manifestazioarekin bat egin baitute.
Irtenbide politikoa eskatuko dute gaur Baionako kaleetan
ABk, Batasunak eta EAk deituta, atxiloketak eta euroaginduak buka daitezen exijituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu