Euskal iheslari eta deportatu politiko ohien taldeak azpimarratu du «sozializatu» egin behar dela haien eta oraindik beren egoera normalizatu ez dutenen gainerako kideen errealitatea, «gaia agendan eta eztabaida publikoan sartzeko». «Irtenbide bila aurrera egiteko ezinbesteko lehen urratsa izan behar du horrek». Hala, datorren astean, hilaren 26 eta 27an Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) egingo den IV. Foro Sozialak «garrantzi berezia» izango duela esan dute, «deserriaren eta deportazioaren gaia landuko delako han».
Euskal iheslari eta deportatu politiko ohien taldeak batzarra egin zuen atzo, Hendaiako Antoine d'Abbadie aretoan (Lapurdi). Han bildutakoen iritziz, iheslarien eta deportatuen etxeratzean aurrera egiteko ezinbestekoa da «adostasunak gauzatzea» eragile politiko, sindikal eta instituzionalen artean, «lehendabizi, Euskal Herrian, eta, gero, nazioarteko komunitatearen laguntzarekin». Eta konpromisoa hartu dute lan horretan jarduteko, «euskal jendartearekin batera» .
Era berean, EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak 2013ko ekainaren 15ean kaleratutako Miarritzeko Adierazpenaren ildotik, batzarrean bildutakoek berretsi dute oraindik ihesean edota deportatuta daudenen egoera konpontzeko «formularik egokiena» dela «gatazkari irtenbide politikoa emango dion konponbide politiko negoziatu bat; gatazkari irtenbide demokratiko bat emango diona eta, beraz, haren jatorriei zein ondorioei erantzungo diena; hots, ondorio guztiei helduko diena». Haien ustez, beharrezkoa da «askatasun espazioak irabaziz joatea», norabide horretan «urrats gehiago egin ahal izateko»
Horrekin loturik, salatu dute Espainiako Gobernuak «tresna gisa» erabili nahi duela presoen eta iheslarien auzia, «edozein irtenbide politiko oztopatzeko asmoz». Talde horretako kideek jakinarazi dutenez, 2013ko ekainaz geroztik 130 iheslari eta deportatu baino gehiago «bueltatu» dira.
«Irtenbide politiko bat» eskatu dute euskal iheslari eta deportatuentzat
EIPK-ko kide ohiek batzarra egin dute Hendaian, eta hurrengo astean Irunen egingo den IV. Foro Sozialak garrantzi berezia duela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu