Irtenbide «integrala», etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko

Etxebizitzen alokairuei muga jartzeko eskatu du Elkartzen-ek; salatu du «borondatea falta» zaiela instituzioei

Bilbo
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko irtenbide «integrala» beharrezkoa dela aldarrikatu zuten atzo Elkartzen plataformako kideek Bilbon. Eskubide horren urraketa sistema neoliberalaren ondorio «zuzena» dela azaldu zuten, eta horri konponbidea emateko egitura aldatu beharra dagoela agertu zuten. Bide horretan, etxeen alokairuen prezioei muga jartzeko, eta alokairurako etxebizitza parke publikoa sortzeko, alokairu soziala ezartzeko eskatu zuten.

Gogor kritikatu zuten azaroaren 15ean publiko egin zen hipotekak erregulatzeko Espainiako errege dekretua. Elkartzen-en ustez, bankuen irudia «garbitzea» du helburu nagusi, eta ez dio arazoari irtenbiderik emango.

Etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko, hiru eskakizun egin dizkie erakunde publikoei. Gasteizko eta Iruñeko gobernuei «arrazoi objektiboak» direla medio hipoteka ordaintzeari utzi diotenen etxe kaleratzeak bertan behera uztea galdegin diete. Halaber, udalei eskatu diete behar dutenei aholkularitza juridikoa emateko. Eta «hipoteka exekuzio bati lotuta dauden etxebizitza guztiak maila lokaleko eta alokairu sozialerako etxebizitza parke publiko baten parte izatera pasatu daitezela», aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Etxebizitza Institutu Publikoa sortzeko beharra berretsi dute Elkartzen-eko kideek: «Institutu horretan beste etxebizitza batzuk ere gehituko lirateke: etxe hutsak edo gutxi erabiltzen direnak, eta, aztertzen ari garen kasuan, baita hipoteka exekuzio bidez bankuen kontrolpean dauden etxebizitzak ere».

Sistema aldatzeko beharra

Bankuak eta politikariak legean babesten direnez jendea kaleratzeko, legeak aldatzeko beharra dagoela uste du Elkartzen-ek. Hala, hipoteken legea aldatzearekin batera, hiri errentamenduen eta prozedura zibilaren legeak aldatzea beharrezkotzat jotzen du: «Jarrera horietatik libratzen ez garen artean, antolatuak dituzten etxebizitzaren inguruko legezko sareak barne, ezinezkoa izango da bizitoki duin bat erabili eta gozatzeko eskubidea gauzatzea biztanleria osoarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.